Skip to main content

Itsasondo 2.0, 10. Zki.a

Noizkoa
2010eko iraila-abendua
PDF fitxategia

Askorentzat oporrak amaitu badira ere, uda giroa ez da amaitu, eta herriko jaiek aukera paregabea ematen digute, udako azken egun hauek kalean eta jai giroan gozatzeko. Oporrak egunerokotasunaz, lanaz, kezkez eta arazoez ahazteko egunak izaten dira, baina indarrak hartu eta ikasturteari gogo eta ilusio berriz eusteko adorea ere ematen digute. Hori da gure asmoa, behinik behin, eta erronkak eta asmoak ez zaizkigu falta. Nolanahi ere, horiek aurrera eramateko, ezinbestekoa da zuen denon partaidetza, zuek ematen baitiezue zentzua gure proiektuei, eta zihur gaude gure alboan izango zaretela.

Nahiko genuke herriko taldeek prestatu ditugun jaietan parte hartzea, eta nahi dugu herriak herriarentzat eginiko jaiak izan daitezen. Jai egitaraua eta ekintzak gustukoak izatea espero dugu; izan ere, krisiak krisi, saiatu gara denon atseginerako izango diren ekintzak prestatzen, eta, beti bezala, gustura hartuko ditugu denen ekarpenak hurrengo urteetarako. Ondo pasa jaiak!

Itsasondo 2.0 aldizkariari dagokionez, proiektu sendo baten oinarriak hartzen ari dela ikusten dugu: herritarren artean harrera ona du, eta interesa pizten du. Horrez gain, guretzat oso garrantzitsua da ikustea alez ale herritar gehiago direla egitasmo honekin bat egin eta aurrera jarrai dezan beraien aletxoa jartzen dutenak. Bejondeiela eta eskerrik asko!

Hurrengo alea abenduan izango duzue etxean. Ordura arte, disfruta ezazue bizitzaz, lagunez, lanaz, familiaz, aisiaz, kirolaz, herriaz. Denetarako denbora dago, erronkak asko baitira gure herrian. Gertu espero zaituztegu!