Skip to main content

UDAN BERTATIK BERTARA

Bertatik bertara kanpaina abiarazi du aurtengo udan ere UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak). Helburua: zerbitzu sektorean euskararen presentzia aregotzea. Eta iaz bezala, aurten ere Itsasondoko Udalak bat egin du ekimenarekin.
Ekainaren erdialdetik irailaren erdialdera arte iraungo du kanpainak, bisitariak zein bisitariekin harremana duten zerbitzu sektoreko arduradunak eta langileak euskara aintzat hartzera gonbidatzeko. Horretarako, hainbat baliabide eskainiko ditu UEMAk, eta iaz bezala, besteak beste, kartelak eta tabernetan eta jatetxeetan mahai gainean jartzeko mantelak banatu ditu UEMAk Itsasondon.
Bertako produktuen, paisaiaren eta gainerako eskaintza zabalaren artean, udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela nabarmendu nahi du aurten ere UEMAk Bertatik Bertara kanpainarekin. Azken batean, bertako hizkuntza ere kalitatea eta hurbiltasuna erakusteko ezinbesteko osagaia dela gogoratu nahi die kanpainak zerbitzu sektoreko arduradunei.
Kartelez, eskuorriez, informazio orriez eta mahai-gainekoez gain, kanpainaren berri emateko spota ere prestatu du UEMAk. Hemen duzue kanpainaren berri ematen duen bideoa: ´Bertatik Bertara (2021): Gure herria, gure hizkuntza, gure arnasa´.
https://youtu.be/MltDVU-kapM
Kanpainaren inguruko nahi beste informazio UEMAren webgunean dago: https://www.uema.eus/bertatikbertara/
 
 
 
 
 
 

Non erakutsi
Gainontzekoen artean (behe aldean)