1615. urte aldera erosi zion hiribildu titulua Itsasondok Erret Ogasunari, 1399az geroztik Ordizia hiribilduari loturik egon ondoren. Horixe da herriari buruz dagoen lehen agiri berria. Agiriari esker, besteak beste, berezko administrazio ekonomikoari eta lurren ingurukoei eusten zion herriak.
Bozue Handi elkarteko kide ere bazen Itsasondo. Enerio-Aralar mendietako baso eta abeltzaintzarako baliabideen ustiapena kudeatzen zuen erakundea zen Bozue Handi. 1615ean, Oria ibaiko batura osatu zuen Itsasondok, Arama, Gaintza, Legorreta, Altzaga eta Zaldibiarekin batera. 1845ean hautsi zen batura hori.
1966ko otsailaren 5ean, barruti txikia zela eta diru urritasuna zuela argudiatuz, Itsasondoko udalerriari batzeko eskaera egin zion Altzagak. 1967an onetsi zen eskaera. 1990etik, bi udalerri dira Altzaga eta Itsasondo.
Behe Erdi Aroan, handiki leinuen multzo txiki batzuk zeuden herrian. Haietako batzuk ganboatarren etxearekin lotzen ziren; Ibarratarrak, kasu. Horiez gain, Rekalde, Etxeberria eta Isasagatarrak zeuden. Azken horietatik dator herriaren izena.
Arbel meategiek herriko historian arrasto nabarmena utzi dute. 1860ko hamarkadan hasi ziren arbel harria ateratzen herrian ziren meategietatik, eta herriko garapenean eta ekonomian garrantzi handia izan zuen jarduera horrek. 1970ean itxi zituzten arbeltegiak. Gertaera horrek erabateko aldaketa ekarri zuen herriko bizimoduan eta ekonomian.
Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundiak 1992an argitaratutako Gipuzkoako Gidaliburu Historiko Monumentala.