Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Euskadiko Toki Erakundeen Legearen 6.2 artikulua bertan behera utzi ondoren, UEMAko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 125 alkate eta hautetsi inguru bildu ziren, hainbat kolore politikotakoak. Hitzordua ostiralean izan zen, Usurbilen, Auzitegi Konstituzionalaren erabaki hori salatzeko, udalek euskaraz jarduteko duten eskumena defendatzeko eta lege babesarekin edo gabe euskaraz lan egiten jarraituko dutela berresteko.
Ateratako prentsa oharra:
Epaiak udalei dokumentuak euskaraz egiteko aukera baliogabetzen die. Horren harira, legeesparru
eraberritua eskatu dute, euskararen normalizazioan aurrera egiteko.
Usurbilen, 2023ko uztailaren 7an
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Euskadiko Toki Erakundeen Legearen 6.2 artikulua bertan
behera utzi ondoren, UEMAko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 125 alkate eta hautetsi inguru bildu
dira, hainbat kolore politikotakoak. Hitzordua gaur, ostirala, Usurbilen izan da, Auzitegi
Konstituzionalaren erabaki hori salatzeko, udalek euskaraz jarduteko duten eskumena
defendatzeko eta lege babesarekin edo gabe euskaraz lan egiten jarraituko dutela berresteko.
Iraitz Lazkano UEMAko jarduneko lehendakariak zein gaur Usurbilen bildutako udal ordezkariek
adierazi dute “nahikoa” dela eta “marra gorri guztiak” gainditu direla. Lazkanok gogorarazi duenez,
Toki Erakundeen Legearen arabera udalek aukera dute dokumentuak erabat euskaraz egiteko, eta
orain aukera hori baliogabetu da. UEMAko jarduneko lehendakariaren arabera, epai honekin,
udalei “eskumena kendu zaie” beren barne-funtzionamenduan hizkuntzen erabilera
arautzeko, eta “muga argi” bat ezarri: “Administrazioan, gaztelaniaren makuluarekin soilik erabil
daiteke euskara. Hots, gaztelaniaz mugarik gabe egin daiteke; udalek euskaraz egiteko aukera
izatea, zinegotzien hizkuntza-eskubideak errespetatuta, hori supremazia dela dio auzitegiak”.
Aurrera begira, Lazkanok esan du orain arte bezala jarraituko dutela lanean UEMAko udalek:
“Guk horrelaxe jarraituko dugu, euskaraz funtzionatzen; horretarako bide luzea egin dugulako
eta gure konpromisoa eta nahia delako”. Horrez gain, nabarmendu du UEMAko udalek ez dituztela
herritarren hizkuntz eskubideak urratzen: “Administrazioan askotan ez bezala, UEMAko udaletan,
hizkuntz eskubideak bermatzen dira”. Baliogabetutako artikulua jasotzen duen legea Eusko Legebiltzarrak onartu zuen 2016an, gehiengo zabalarekin, 1982ko Euskararen Legeak berak baino
adostasun zabalagoarekin.
Eraso hau ez da ezerezetik sortu. Lazkanok gogorarazi du ultraeskuina dagoela honen oinarrian:
“VOXen salaketa bat. Duela bi urte, VOXek EAEko Justizia Auzitegi Nagusira jo zuen, udalen
hizkuntza-jarduna arautzeko 2019ko dekretuaren kontra. Alegia, dekretua onartu eta bi urtera, eta
EAEn batere zinegotzirik eduki gabe”. Bigarren urratsa EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak egin zuen,
Lazkanok gogorarazi duenez. Epaileek dekretuaren oinarriaren aurka jo zuten, eta Madrilera bidali
zuten kasua, Espainiako Auzitegi Konstituzionalera. Eta hirugarren pausoa auzitegi horrek eman du:
6.2 artikulua baliogabetu du.
Lazkanoren arabera, hau ez da berria UEMAko udalentzat, gogoan dutelako duela urte batzuk zernolako
arazoak izan ziren gai honekin lotuta: “Aktak euskaraz egiteko debekuak, udalak UEMAn
sartzeko trabak... Epaitegien ezpatapean egin genituen urteak”. Horrez gain, gehitu du azkenaldian
“kutsu bereko” epai bat baino gehiago jaso dituztela.
Horregatik guztiagatik, gaur Usurbilen bildutako ordezkaritza zabalak irmo aldarrikatu du euskarak
“estatus juridiko berria” behar duela. Horregatik, azaroaren 4an UEMA ere izango da
Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako protestan. “Euskarak arnasa behar du. Egin dezagun bat, lor
dezagun euskararen sustapenean urrats erabakigarriak egiteko lege-esparru eraberritu bat.
Badago premia, badaukagu erantzukizuna. Bila ditzagun bideak”.