Skip to main content

KALEAN DA ITSASONDO 2.0 - 30. alea

Noizkoa
URRIA - ABENDUA
PDF fitxategia

Urteko egun luze eta eguzkitsuenak pasatuta ditugu; amabirjina jaiak, Urkiko jaiak eta Itsasondoko jaiak ere behar bezala ospatu ditugu; kalean eta lagun artean disfrutatzeko egunak izan dira. Zuetako batzuek leku eta lurralde ezezagunak bisitatuko zenituzten; beste batzuk, aldiz, inguruan denbora libreaz disfrutatzen ibiliko zineten. Udazkena iristean, beste ekintza eta helburu batzuk hartzen ditugu: kirolak, ikastaroak, hizkuntzak… edo besterik gabe etxean goxo eta lasai egoteko asmoa izaten dugu. Hala ere, udazkena Itsasondon ekintza eta asmoz beteta dator; azken orriko agenda begiratzea besterik ez dago. Zuen denbora ondo antolatu eta parte hartzeko gonbita luzatzea besterik ez zaigu geratzen.
Bestetik, Itsasondo 2.0. aldizkariaren ale honek zenbaki borobila du; 30. alea dugu honakoa, 2008ko urtarrilean lehen alea argitara atera zenetik. Ordutik, makina bat euri egin du eta makina bat gertakizun, kontu, elkarrizketa eta pasadizo zuen etxeetara eramaten saiatu gara. Lehen ale hura atera genuenean ez genuen uste proiektu honek horrenbesteko ibilbidea izango zuenik, ezta zuen oniritziarekin kontatuko genuenik ere. Hemendik, eskerrik beroenak 30 ale hauetan laguntza eskaini diguzuen guztiei, eta zuri ere bai herritar, badakigu zuetako askok aprezio handia diozuela herritik herritarrentzat egiten dugun aldizkari xume honi.
30 ale hauetan zehar denetik izan dugu; artikulu eta elkarrizketa gogoangarriak izan dira, baina baita hain ondo atera ez direnak ere. Barkamena eskatzea eta ale bakoitzean gauzak ahal bezain ondoen egiten saiatu garela esatea besterik ez zaigu geratzen. Aurrerantzean ere, berritzen eta hobetzen jarraitzeko asmoa daukagu, orain arte bezala zuen denon laguntza eta babesa jasotzen jarraitzea espero dugu, ezinbestekoa baita dugu aurrera egiteko.
Eta horrenbestez, 30. alea aurkeztu nahi dizuet: Udaleko berrietan, udal antolaketa eta osaketaren berri izango duzue; Haurren herria, haur eskola eta eskolak ikasturte berrirako egitasmoak kontatuz datoz; JASO enpresa ere, 50. urtemugako ospakizunetan izan dugu, eta hemen bere historiaren errepaso laburra egin dugu (Zorionak!!); elkarrizketaren atalean, aldiz, Manuel Agirrek bere bizitzako hainbat atal eta erlezaintzaren ingurukoen berri ematen digu, ezti goxoa bikain etorriko zaigu ziurrenik denok harrapatuko dugun katarro, gripe edo hotzaldiri aurre egiteko. Gainerako edukiak zuen kabuz deskubritzera gonbidatzen zaituztegu. Gustukoa izatea espero dugu.