Skip to main content

GAZTELEKUKO SARBIDE SISTEMA BERRIA

Argazkirik ez

AZALPENA: 

Gaztelekua 2023ko udatik itxita dago. Erabilpen arazoak zirela eta ixtea erabaki zen, erabilpen arauak eta sarbidearen inguruko hausnarketa egin eta erabaki bitartean. Hilabete ugari pasa dira ordundik eta udaletik erabiltzaile zein herritarrei honako azalpen hau eman nahi diegu: 

2023an, gaztelekuan izandako erabilpen arazoak handiak izan ziren:

  1. Sarrera arauak ez ziren inoiz betetzen, hau da, erabiltzaile guztiek ez zuten sarbidetik txartela pasatzen, nahiz eta atean ongi adierazita egon hori egin behar zela eta gaztelekua erabiltzeko eskaera orrian erabiltzaileok hori beteko zenutela sinatu. Egoera horrek, arazoak izan direnean, erabiltzaileak zeintzuk ziren ez jakitea ekarri digu, eta ardura txartela pasatzen zuenaren gain utzi beharra suposatu du.
  2. Asteburu askotan espazioa zikin azaltzen zen (ontziak garbitu gabe, zaborra bertan utzita…) eta udal langileok garbitu behar izan ditugu.
  3. Droga kontsumoarekin arazoak zituen pertsona bat egon zen gaztelekuan “bizitzen” eta bertan uzten zituelako droga kontsumorako beharrezkoak.

2023ko abuztuan, garbitzaileak gaztelekuan topatu zuen egoera “kezkagarria” iruditu zitzaigun eta osasun neurriak zirela eta gaztelekua ixtea erabaki zen.

Berriz irekiera emateko prozedura oso luze joaten ari da eta hori horrela izatearen arrazoiak, tamalez, ez dira gure esku egon:

  • Irailean, Salto enpresarekin harremanetan jarri ginen, udaletxeko ateak kudeatzen dituen enpresa baita. Berari eskatu genion, genituen arazoak ikusita, ea zein izan zitekeen sarbiderako sistemarik egokiena proposatzeko.
  • Urrian bidali zuten “Mugikor bidezko sistema” ezartzeko aurrekontua.  Hau ezartzeko hainbat baliabide behar zirela eta gaztelekua ikustera etorri behar zirela adierazi zuten.
  • Urriaren amaieran etorri zen Saltoko teknikari bat, lehen aldiz, gaztelekua ikustera. Bertan interneta ez dagoenez (sistemarako beharrezkoa) eta aurretik sarraila erreta zegoenez, aurrekontua berrituta bidaliko zuela adierazi zuten. (2024ko urtarrila amaieran bidali zuten)
  • Bitartean, urriko gazteri foroan, sistemaren berriaren berri eman zen eta arautegia moldatzean beharra landu zen. Azaroko gazteri foroan, iada, arautegi zirriborroa landu zen.
  • Azaroaren erdian,gaztelekuko hezitzaileei gaztelekuko erabiltzaileekin lanketa egitea eskatu zitzaien. Gaztelekuko hezitzaileek ez zuten lortu gaztelekuko gazteekin lanketa egitea abendu amaierarte, beste ekintza batzuk zirela medio edo nahiko gazte gerturatu ez zelako behar bezalako lanketa egiteko.
  • Lanketa honetatik, ordutegi aldaketa da gazteen aldetik jasotzen den proposamena. Aldaketa hauek onartu ziren (beti ere, 10/2015 LEGEA, abenduaren 23koa, jendaurreko ikuskizun eta jolas jarduerak arautzen duena kontuan izanda). Isun ekonomikoan gaiaren inguruan azaltzen da, udalaren borondatea ez dela inondik inora isunak ezartzea baina espazioaren erabilera arautu behar dela eta horri erantzuten diola arautegiak. Aurretik zegoena ez zela betetzen eta sistema berri honekin eta arautegi berriarekin, espazioaren erabilpen egokiagoa egingo dela uste dela.
  • Arautegiak eta aurrekontuak onartuak izateko udalbatzatik pasa behar direnez, otsailaren 5ean egindako udalbatzatik pasa ziren.
  • Saltori aurrekontua onartu zela adierazten zaio eta sistema ezartzeko eskatzen zaio, ahalik eta azkarren. Lan karga handia dutela adierazten digute eta sistema ezartzeko bi hilabeteko epea eskatzen dute.
  • Apirilaren erdian deitu zuten, softwarea eguneratzera etorriko zirela esanez. Sarraila berria jartzeko beharrezkoa. Gaztelekura etorri ziren eta aipatu bezala, interneta ez dagoenez (wifia bakarrik), AP portu bat eskatzen dute.
  • Lan hauek informatikaria egiten egon da eta maiatzaren 9an amaitu zituen.
  • Ondoren berriz, Saltoko teknikariak etorri ziren sarraila jartzea (maiatzaren 16ean)

Kontuak horrela, asko atzeratu da gaztelekuko irekiera. Orain, mugikor bidez irekitzeko lizentzien eskaera jarriko dugu martxan, ahalik eta azkarren nahi duenak gaztelekua erabili dezan. 

GAZTELEKUKO SARBIDE BERRIA 

Hemendik aurrera, gaztelekuko ateko sarbidea mugikor bidezko lizentzi baten bidez egingo da. 2024ean lizentzi hau doakoa izango da (frogaldi modura erabiliko dugu) eta 2025etik aurrera, urteko 3€ko kostua izango du. Udal tasa izango da eta ordainketa helbideratu zaie eskatzaileei (baja ematen duten arte) 

Horretarako jarraitu beharreko pausoak: 

- Eskaera orria bete eta udalera bideratu. Eskaera orria emailez (gazteria-kultura@itsasondo.eus helbidera) bidali daiteke edo udaletxeko harrera ordutegian ekarriz (ez dauka zertan eskatzaileak izan behar ekartzen duena) 

- Garrantzitsua da eskaera orriko datu guztiak betetzea, bereziki telefono mugikorrarena. Telefono horri esleituko baizaio lizentzi bat, atea irekitzeko erabiliko dela. 

- Ondoren, "JUSTIN MOBILE" aplikazioa jaitsi behar da mugikorrera. 

- Gaztelekura sartu nahi denean, aplikazioa martxan jarri eta atera gerturatu mugikorra eta atea irekiko da. 

Kontuan izan beharrekoak: 

  • Sartzen den pertsona guztiek aplikazio bidez (txartela bidez aplikazioa ez duenak) ireki behar dute atea. Aplikazioa  pasa, atea ireki eta itxi egin behar da atzetik datorrenak aplikazioa pasa dezan.  Horrela, erabiltzaile guztiak erregistratuak geldituko dira.
  • 14 – 16 urte bitartekoak gurasoen baimena agiria beteta bakarrik sartu ahalko  dira gaztelekura. Norberaren mugikor zenbakiari irekiera lizentzi bat esleituko zaio  eskaera egiten dutenean. 
  • 14 – 16 urte bitartekoak mugikorrik ez badute, gurasoen baimena agiria beteta egin  ahalko dute eskaera, horrela irekiera txartela emango zaio (mugikorra izan  bezain laster jakinarazi beharko du irekiera mugikor bidezko lizentzi bat emateko)
  • 16 urtetik aurrera espazioan sartzeko eskaera norberak egin dezake. 

Atxikita gaztelekuko arautegia eta sarbidea eskatzeko orria.

 

Non erakutsi
Gainontzekoen artean (behe aldean)