Urriaren 1eko osoko bilkuran onartu zuen mozioa.
Itsasondoko Udalak UEMAren Esnatu dinamikarekin bat egitea erabaki du, euskararen erabilera indartzeko eta herriak euskararen arnasgune izaten jarrai dezan.
Ekimen honen bidez, Udalak euskararen biziberritzearen aldeko konpromisoa berretsi du, eta hainbat neurri hartzeko borondatea adierazi du, besteak beste, udal-jardueran euskararen erabilera bermatzeko, haur eta gazteen aisialdia euskaraz sustatzeko eta herrira iritsi berriak euskarara hurbiltzeko.
Jarraian, onartutako mozioaren testu osoa jasotzen da:
Arnasguneek hizkuntza gutxituen biziberritzean duten garrantziaz sarri hitz egin da Mikel Zalbide soziolinguistak kontzeptua bera euskarara ekarri zuenetik. Lehenago, UEMA sortu zutenek ere, lurgune euskaldunak euskarak bizirik irauteko duen garrantziaz ohartuta, ekin zioten mankomunitatearen ibilbideari. Harrezkero, urte askoan egindako lanaren ondotik, gaur egun adostasun handia dago arnasguneek indarberritze prozesuan duten garrantziaren inguruan, bai euskalgintza sozialean, bai akademian, bai euskararen alde ari diren erakunde publikoetan.
Kezkatzekoak dira, ordea, euskara indartsuen dagoen lurgunean antzematen diren joerak. Ez da oraingo kontua udalerririk euskaldunenetan adierazle soziolinguistiko nagusiak atzeraka hasi izana, baina urteek aurrera egin ahala, egoera kezkagarri batera iritsi gara, zinez. Adierazle nagusietan atzera egiteaz gain, gune horietako hiztunen tipologia ere asko aldatu da. Azken batean, nazioarteko joera orokorrekin bat, bizi ereduaren bilakaerak, bilakaera demografikoak eta globalizazioaren ondorio zuzenek arnasguneak desagertzeko bidean jarri dituzte. Argi erakutsi du Siadecok 2025ean egindako proiekzio demolinguistikoak: euskararen alde orain arte egiten ari garena egiten jarraitzen badugu, euskarak bizi duen geldialdia galera fasean sartuko litzateke. Horri aurre egingo dion erantzun sendo bat mamitu nahiak bultzatu zuen UEMA otsailean Lurralde Estrategia Euskararentzat proposamena aurkeztera.
UEMAk, 121 udalerri euskaldun biltzen dituen erakunde publikoa den heinean, dagokion arduratik eta eremu euskaldunena gure hizkuntzarentzat giltzarria dela jakinda, egin zuen proposamena. Ekarpen hori bere bidea egiten ari da. Proposamen horrek hizkuntza politikaren norabidea aldatzea eskatzen du, eta, bide horretan, adostasunak bilatzeko lanean ari da UEMA orain.
Horrekin batera, Esnatu dinamika abiatu zuen UEMAk apirilean, politikatik egin beharrekoaz gain, gizartea bera ere badelako nor geldialdi horri aurre egin, eta euskararen biziberritzea indarraldian jartzeko. Dinamika horren abiapuntu gisa, Euskal Herriko nazio mailako 18 eragilek atzerakada hori gelditzeko konpromisoak hartu zituzten. Ordutik, udalerriz udalerri herrietako eragileak ere dinamika horretara gehitzeko lanean dihardu UEMAk. Ildo horretan, guri, udal gisa ere, badagokigu gure eredugarritasuna ikusaraztea, eta bide honetan gure alea jartzea.
Gure udalerria arnasgunea da, eta arnasgune izaten jarrai dezan urrats sendoak egitea da gure helburua. Horretarako, udalak duen arduratik eta dituen eskumenetatik konpromiso hauek hartzen ditugu:
- Erabilera planean onartutako hizkuntza irizpideak betetzea.
- Kontratazio publiko guztietan hizkuntza baldintzak txertatu eta horien jarraipena egitea.
- Doako euskalduntzea bermatzea.
- Haur eta gaztetxoen aisialdia euskara hutsean programatzea.
- Udalen eskumenekoak diren esparruetan euskararen normalizazioan urrats sendoak ematea (ELE Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa arautzeko ordenantza, terrazetako ordenantza, azoka eta ferietako ordenantza…).
- Etorri berriak euskarara gerturatzeko egitasmoetarako bitartekoak areagotzea.