Skip to main content

Eusko Jaurlaritzak azkena kofinantziaturiko proiektua

 

 

 

 

Eusko Jaurlaritzak udalerrien zerbitzura duen natura-ondarea eta biodibertsitatea lerroko diru-laguntzaz baliatuz, Itsasondon burutzen ari diren ondare naturalaren errestaurazio lanak Eskualde Garapenerako Europar Funtsak (EGEF) kofinantziatzen ditu Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin batera.


2017-2019 DEIALDIA. MURUMENDIKO INTERES EUROPARREKO ESPEZIE ETA HABITATEN KONTSERBAZIO EGOERAREN HOBEKUNTZARAKO EKIMENAK. 

Proiektu honen baitan bi ekimen-lerro nagusi jaso dira:

  1. Habitaten hobekuntza lanak
  2. Espezieen jarraipena

Habitaten hobekuntza lanak

Basoaren kalitate ekologikoa hobetzeko helburua duten lanak gauzatu dira. Horien artean zuhaitz exotikoen erauzketa, zuhaitz eta zuhaixka espezie ezberdinak landatuz basoa dibertsifikatzea eta egur-hilaren bolumenak emendatzea lortu izan da. Gainera interes bizikoak diren habitat zuhaitzak inbentariatu eta dokumentatu dira faunarentzat babeslekuak eskeiniko zaiela ziurtatuz.

 

 

 

 

Basoaz gain, fauna-talde ezberdinentzat garrantzizkoak diren eta paisaian oso eskasak diren ur-geldoko xafla bat eraiki da. Material iragazkaitzak erabiliz sortu diren hezegune hauetan anfibioek arrautzak uzteko aukera handiagoa izango dute hemendik aurrera, elkartruke genetikoak erraztuz eta larba urtarrak inolako arazorik gabe garatuko direla ziurtatuz. Gainera, saguzarrek ere erabiliko dituzte hezegune hauek, batez ere ura edateko eta intsektuak ehizatzeko.

 

 

 

 

Azkenik, Itsasondoko basoetan babesleku gutxi aurkitzen direnez, saguzarrentzako babes-kutxak instalatu dira zuhaizti ezberdinetan. Ekimen honekin saguzarrek kumatze koloniak sortzeko, hibernatzeko eta babesteko substratuak emendatu dira basoetako babesleku naturalak sortzen diren bitartean. 

 

 

 

 

 

Espezieen jarraipena

Katalogoen eguneraketa lanak eta populazio bilakaerak aztertu dira. Honako talde-funtzionalak aztertu dira:

  • Intsektuak. basoko ornogabeen katalogatze lanekin jarraitu da. Oraingoz 192 espezie zenbatu dira, 7 ordenatan eta 53 familiatan sailkatuta. Aipagarrienen artean hemiptero espezie bat dugu Paropulopa lineata, Pirinioetako endemismoa bera eta lehendabiziko aldiz mendi hauen hegoaldean aurkitu dena. Deigarria da ere Rosalia alpina kakalardo egur-jalearen populazio bat topatu dela Itsasondoko pagadian. Azken espezie hau habitat aztertarauaren II. eta IV: eranskinean aurkitzen da, kontserbazioari begira interes handikoa izanik.
  • Hegazti negutar eta habiagileak. Landazabal, baso autoktono eta zuhaitz landaketak oinarritzat izanik Itsasondoko hegazti negutar eta habiagileen dibertsitate patroiak definitu dira. 64 hegazti espezie aurkitu dira eta esan dezakegu okilak direla jaun eta jabe Itsasondoko basoetan. Euskal Herriko Espezie Mehatxatuen Zerrendan dagoen okil beltza ere antzeman da. Guztira, Iberiar Penintsulan topa daitezkeen zazpi okil espezieetatik bost bizi dira Itsasondon.
  • Saguzarrak. Ultra- soinuen detektagailuak erabiliz espezie eta populazioen azterketak burutu dira, batez ere babeslekuak dituzten lekuetan eta basoko gune erakargarrienetan. Honetaz gain, jarritako babes- kutxak ere urtero aztertzen dira erabilera ikusteko. Basoetako espezieen artean Barbastella barbastellus atzeman da, basoetako saguzarra eta EAEko katalogoan galtzeko arriskuan sailkatua. Babes-kutxetan, berriz, Eptesicus serotinus eta Pipistrellus kuhlii bezalako espezieak aurkitu dira.
  • Basoetako interesezko elementuen karakterizazioa. Basoaren kalitate ekologiko egokia adierazten duten egiturazko ezaugarriak neurtu dira, tamaina handiko zuhaitzak eta egur hilaren eskuragarritasunean harreta ipiniz. Jakintza hau izatea garrantzitsua izan da basoen naturaltasun maila emendatzeko neurriak proposatzeko garaian.