Berriro ere zuen artean gara, oraingoan negua ate joka datorrela iragartzen duen hotzaren zantzuak goxatzeko asmoz, eta nola ez, Itsasondoko bizitza istorio interesgarriak kontatu eta herri mailan azken boladan hartu diren erabaki eta berri garrantzitsuenak zuei helarazteko gogo biziz.
Hamaikagarren alea osatu dugu jadanik, ez da marka makala, ez! Hau guztia, noski, ez litzateke posible izango proiektu xume bezain eder hau gauzatzeko zuetako askok egindako ahaleginik gabe. Beraz, mila esker beste behin ere aldizkarian parte hartu duzuen pertsona orori.
Udaletxe berria eraikitzeko ilusioari tarte berezia eskaini nahi izan diogunez, ale honen azala udaletxearen argazki berriarekin koloreztatu dugu. Herriko berriei jarraiki, zaborraren gaiak badu zeresanik, irakurri bestela Agenda 21eko atarian datorren idatzia. Orrialdeetan aurrera egin ahala, Itsasondoko azken abeltzainetako bati, Joxe Antonio Garmendiari, eginiko elkarrizketa duzue irakurgai, Unai Agirre kazetari lanetan ibili baita Iraola baserri inguruetan. Arbelaren inguruan gure herrian makina bat kontu eta istorio badirenez, zuen eskura jarri nahi izan ditugu hainbat bitxikeria.
Mikel Aramendik, berriz, zaharrak berri atalean Itsasondok autodeterminazio eskubidea aldarrikatu zuen garaia dakar gogora. Udazkeneko haizeak aire berriak ekarri ditu Euskal Herrira; dudarik gabe, gogotik astindu ditu betiko jokamoldeak eta jende asko eta askoren egoera erosoa kinka larrian jarri du. Une honetan, Euskal Herria ilusiozko haize bolada batek astintzen du. Gure aukera da, bai politikan dihardugunona, baina batez ere herritarron erronka da mugimendu eta haize fresko hau geldiezina egitea. Oraintxe da gure aukera!!
Kontu horiek eta gehiago dituzue zuen zain. Beraz, astindu aldizkaria eta gozatu!