2011. urteak ia eman du berea, abenduko azken egunetan sartu gara. Baina Itsasondo 2.0k oraindik asko du zuei berri emateko eta beste behin, albiste eta kontu zahar nahiz gaurkotuekin, gutizia erakargarriz beterik gatoz zuen bakarruneak goxatzera. Ez da gutxi egin duguna. Herritar batzuen ilusiotik sortu zen herri-aldizkari koxkor hau. Herritik herriarentzat. Denborarekin gorpuzten eta sendotzen joan da gero eta herritar gehiagoren indarrak metatu ahala. Jarrai dezagun guztion artean gure herri istorioen mosaikoa osatzen, guztiok baititugu zer kontatua.
Gaurkoan ere badugu zer kontatu andana: Ale honek biltzen dituen lehen orrialdeen artean azaroaren 25ean ospatu zen Emakumeen Indarkeriaren Aurkako egunaren argazkia jaso nahi izan dugu. Aldarrikapenei begira jarriz, Egin dezagun bidea ekimenak euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen alde deituriko Herri Mobilizazio Orokorrerako deia luzatu nahi izan dizuegu. Herriko agendari errepaso azkar bat emanez, Itsasondoko jubilatuek Balentziaga museora eginiko irteera eta Itturri-txiki guraso elkarteak antolaturiko mendi-irteera eta ondoren eginiko gaztaina-jana ekarri nahi izan ditugu gogora. Elkarrizketen atalera jo eta egun herriko alkate den Aretirekin izaniko solasaldia duzue irakurgai. Udaleko berrien atarian, batetik, Itsasondoko lursailak zeharkatuko dituen goi-tentsioko linea berri baten inguruko azalpena duzue eta bestetik, datorren urteko tasak eta zergen inguruko xehetasunak dituzue eskura. Hau guztia aurrerapen txiki bat baino ez da izan. Badakizue, ohi bezala, hori eta gehiago, beraz badakizue... aldizkaria eta gozatu Itsasondo 2.0-rekin!
Hurrengora arte eta bitartean kontent bizi!