Irailarekin batera, gauza asko etortzen zaizkigu burura. Gutako askori oporrak bukatu, eta lanera itzultzeko ordua iritsi zaigu. Oroitzapen onez hasi gara, behintzat, eta askok sentitzen duten opor geroko depresioa alde batera utzi dugu, egunerokoari hasiera emateko.
Oraindik egin ez dutenei, opor zoriontsuak opa dizkizuegu hemendik.
Burura datorkigu Itsasondoko haur guztiak ere, jada, eskolan hasiak direla, eta, aurretik urte luze bat dutela berriro ere hondartza eta udako jolasez gozatu ahal izateko. Espero dugu ikasturte hau ondo igarotzea eta inongo arazorik gabe hasi eta bukatzea.
Herritar guztiok, berriro, ongi etorriak zarete herrira, eta gogoratu, Itsasondon iraila hilabete handia dela, festak berriz ere gainean ditugu eta urtetik urtera hobetzeko asmotan aldizkari honen erdialdean jaien egitaraua ipini dugu. Ostiraletik iganderaino hiru egun luze izango ditugu udaletxe eta herritarren artean proposatutako ekitaldietan parte hartzeko. Ea eguraldiak laguntzen digun eta urtero bezala herriko plaza betetzen dugun gu guztion zorionerako.
Gogoratu nahi ditugu oraindik ere jaiez goza ezin izango dutenak badirela gure herrian.
Momentu latzak datoz, krisi ekonomikoa alde batetik, A gripea bestetik, baina honen guztiaren gainetik Estatu Espainiarrak aurrera daraman politika errepresiboa aipatu behar dugu. Hitz egiteko eta adierazteko askatasunak zalantzan jarriak dira Gobernu zentraletik, eta Euskal herrian dituzten polizia desberdinen laguntzari esker, euskaldunok zapalduak sentitzen ari gara, inoiz baino gehiago.
Agur bero bat.