Skip to main content

Sorbus aria

Izen arrunta: hostazuria (eus), mostajo (es)

Familia: Rosaceae

Deskribapena: 25 m arteko zuhaitza da. Begi hiletsuak ditu gaztetan, zertxobait likatsuak. Hostoak bakunak dira, berdeak gainaldean eta zilarkarak edo zuri-ilupadunak azpialdean, bigarren mailako 8-15 nerbio sekundario pare oso nabariekin; ertza bitan zerratua du edo oso ahulki gingildua; txortena laburra da eta ilupaduna. Loreak muturreko korinboetan multzo handietan bilduak agertzen dira, eta pedizelo eta kalizean ilaun zuriz estaliak; 5 petalo zuri dituzte eta azazkal iledunekoak dira. Fruitua mamitsua da, pomo erakoa, kalizak koroatua; azal gorri-laranjatsukoa eta mami gozokoa, pitin bat mikatza eta irinkara. Apiriletik maiatzera loratzen da; fruituak irailetik urrira heltzen dira.

Habitata: hostoerorkorren nahiz orratz hostodunen basoetan zuhaitz unada txikiak eratzen ditu, bereziki harri biluzia azaltzen den lekuetan. Lurzoru silizeo edo kareatsuetan berdin bizi da, nahiz eta azken hau nahiago izan; mendietan gora, zuhaixka eitea hartuz, 2.200 m-taraino igotzen da.

Itsasondoko populazioak: 16 populazio aurkitu dira Itsasondon habitat ezberdinetan: Quercus robur nagusitzen den baso mistoetan, kareharrizko arrailetako baso mistoetan, zuhaitz hostozabalen baso gazteetan, pagadietan, Pinus radiata pinudietan eta larre harritsu kalkareoetan. Litekeena da horiek baino populazio gehiago egotea Itsasondon. 16 populazio horiek 0,3 hektareatako azalera betetzen dute. Populazio hauetan aipatu beharreko arrisku potentzial bakarra baso ustiaketa da, bereziki pinudien kasuan. Ustiaketa lan horietan populazio hauek kontuan hartu beharko lirateke.