Skip to main content

Buteo buteo

Izen arrunta: zapelatz arrunta (eus), ratonero común (es)

Familia: Accipitridae

Deskribapena: 46-58 cm-tako luzera duen harraparia da, pausalekuetan sarri ikus daitekeena. Abaniko forma duen buztan ertaina du eta lepo zabala eta laburra. Batzuetan airean geldirik eta orekan egoten da. Beheko aldea argiagoa dute. Lumadia askotarikoa da: ia zuriak diren aleetatik, ia beltzak diren ilunetaraino, baina ezaugarri batzuk amankomunak dituzte, hala nola, marra gris ugari dituen buztan zurixka. Bularraren eta sabelaren artean, zerrenda argi bat dute. Behetik ikusita, hegoetan zein buztanean marra beltz bat dute muturrean. Gazteek ez dute zerrendarik buztanaren muturrean.

Habitata: zuhaitzetan egiten du habia eta baso edo sastrakadietan ageri da. Ehizarako, ordea, eremu zabalak behar ditu; hala, baso zabalen bihotzak saihestu eta nahiago ditu basoak eta soilguneak tartekatzen dituzten inguruak. Baldintza hauek EAEko zati handienean aurki daitezke eta, honenbestez, habitat egokia aurkitzen du espezie honek ia edonon. Nahiago ditu itxura oneko zuhaiztiak eta horregatik, agian, urria da karraskaletan, maiz gazteak izaten baitira. Konifero-landaketetan ere ez da baso naturaletan bezain ugaria. Bestelako guneetan ez da arraroa habia haitzarte arrokatsuetan egitea, baina EAEn ez da ezagutzen habia egiteko halako substraturik hautatu izana.

Itsasondoko populazioak eta mehatxua: arrunta da Itsasondon baina ehiza du mehatxu handiena.