Skip to main content

Landagunea

Beste lursail guztiari ez urbanizagarria edo landagunea deitzen zaio, eta hemen onartzen diren etxebizitza bakarrak baserriak dira. Esparru honetarako, erabilera desberdinetan oinarritzen den sailkapen bat egiten da. Hala, Itsasondoko udalerriaren %15 nekazaritza-abeltzaintzara bideratuta dago, eta beste guztia, basogintzara edo ingurumen babes desberdinetako eremuetara.

Egia esan, Itsasondoko landagunearen sailkapena eta erabilerak eskualdeko eta erkidegoko arauak baldintzatzen dute neurri handi batean. Hala, Goierriko Lurraldearen Zatiko Planak (LZP) Murumendiko Interes Naturalistikoko Espazioarekin batera, hobetu eta/edo leheneratu beharreko eremuak ere marrazten ditu, honako hiru azpikategoriak bereiziz:

Ekosistemak hobetzeko eremuak. Interes naturaleko eremuen kategorian barne hartu ez diren baso naturalak eta horietan sortzen diren zuhaixka formazioak barne hartzen dira kategoria honetan. Baso naturalek eta zuhaixka formazioek duten kokapen topografikoa eta potentzialtasuna

kontuan hartuta, aurreko kategorian (Babestu beharreko eremuak) sailkatzen dira batzuetan.

Baso-kontserbazioko eremuak. Kategoria honetan sartu dira gaur egun malda handiko, sakonera  gutxiko eta/edo higadura jasateko arriskua duten lurzoruetan baso-masa handiak jasaten dituztenak. 

Erabiltzen ez diren meatze, harrobi eta zabortegiak Eremu hauen ingurumen-baldintzak leheneratzea halabeharrezkoa dela dio.

 1

Irudian ikusi daitekeen bezala, ingurumena babestera bideratu behar den lurzorua handia da: udalerriak dituen 894 ha-ren %62a, hain zuzen. Honela sailkatuta:

  1. Ingurune-balioengatik babestutako espazioak: 410 ha - % 46. 
  2. Ekosistemak hobetzeko eremuak: 102 ha - % 11.
  3. Baso-kontserbazioko eremuak: 43 ha - % 5. 
  4. Meatzaritzako hondakinak: 1,5 ha. 

Eta hau dena kontutan hartu gabe korridore ekologikoen sareak barneratzen dituen lursailak.

Oraindik, behin betiko diseinatzeke egon arren, azken azterketen arabera, Gipuzkoarako planteatzen diren 47 korridore ekologikoetatik 9 Murumendin hasi edo bukatzen dira, mendi honetatik Aralar, Hernio, Izarraitz, Karakate edo Araxeseko haranera bidean.

1

Irudian ikusi daitekeen bezala, azpiegitura berdeak alderik alde zeharkatzen du Itsasondoko udalerria.

Egoera honen aurrean, Itsasondoko Udalak bi helburu nagusi ditu udalerriko landagunean: alde batetik, bertan bizi diren herritarren bizi-baldintzak egokitu eta hobetzea, eta bestetik, nekazal erabilerarik ez duen landagunea babestea eta gizarteratzea.