Skip to main content

Atez ateko zabor bilketa

BILKETAREN NONDIK NORAKOAK

Birziklatze emaitza onak ditu Itsasondok. Sasieta Mankomunitateak emandako datuen arabera, 2019an, %69 eraman zen birziklatzera, eta 2020an, %68,8. Portzentaia horri organikoa gehituz gero, %81ekoa da Itsasondon birziklatzen den hondakinen kopurua.

2013. urtean egin zuen Itsasondoko Udalak zaborrak atez ate biltzeko hautua. Sasietak herrian ziren edukiontziak kendu zituen, beira, arropa, pilak eta erabilitako olioa jasotzeko edukiontziak izan ezik. Eta edukiontziak kenduta, kuboetan atera behar izaten dute herritarrek zaborra.

Kuboak etxe atarian uzten dira, eta bertatik jasotzen dituzte Sasietako langileek. Zaborrak ateratzeko ordutegia: 20:00etatik 06:00etara. Kuboek etxebizitza bakoitzeko kodigo eta zenbaki partikular bat izango dute, eta hala, hainbat datu ezagutu daitezke: maiztasuna, bilketa ordua, altxaldi kopurua eta beste hainbat xehetasun.

Bilketa sistema honen bidez, egun bakoitzean, zabor mota bat biltzen da, gehien sortzen denari egun gehiago eskainiz:

  • Asteartetan, papera eta kartoia.

  • Asteazkenetan, ontzi arinak.

  • Igandetan, ontzi arinak eta errefusa.

Garrantzitsua da egutegi hori errespetatzea, gainerakoan, Sasietako langileek ez baitituzte etxe atarietan uzten diren kuboak husten.

Inori trasteak ateratzeko eguna pasa bazaio, edozein egunetan eraman ditzake Ordiziako garbigunera. Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara eta 15:30etik 18:00etara; larunbatetan, 09:00etatik 13:00etara.


MATERIA ORGANIKOA

Sasietako langileek ez dute gai organikorik biltzen. Organikoa herriko puntu ezberdinetan dauden konpostatze guneetara eraman behar dute herritarrek. Nahi beste egunetan zein nahi den orduan atera daiteke materia organikoa.

2018. urtean, organikoa biltzeko sistema aldatzeko apustua egin zuen udalak: auzokonpostak jarri zituen martxan. Geroztik, materia organikoa biltzeari utzi zion Sasietak, eta udal langileak arduratzen dira herritarren artean egindako konposta nahastu eta egoera txukunean mantentzeaz.

Konpostagailuetan janari hondarrak eta soberakinak bota behar dira soilik. Poltsa konpostagarriak ere ez dira bota behar, Itsasondon biltzen den organikoa ez baita inora eramaten, eta, txikituko ez duen makinarik ez izatean, nekez desegiten da.


BOLUMEN HANDIKO TRASTEAK

Bolumen handiko trasteak hilabete bakoitzeko bigarren astelehen iluntzean atera behar dira. Sasietako langileek astearte goizetan biltzen dituzte trasteak, bilketa zerbitzuarekin adostutako puntuetatik.

Eranskinetan dago bolumen handiko trasteen artean zer sartzen den, eta bilketako egutegia.


LANDA EREMUKO BILKETA GUNEAK

Landa eremuko bizilagunentzat eta erabiltzaile puntualentzat bilketa gune bat jarri da: herri sarreran dagoen kamioien aparkalekuan. Han, zabor guztiak birziklatzeko edukiontziak daude.

Erabiltzaileek identifikazio-txartel bat dute, bilketa gune horretara sartzeko.

Gainontzeko bizilagunek, berriz, larrialdi kasuetan erabili ahal izango dute, udalean txartela eskatuta.


HONDAKINEN BEREIZKETA

Hondakinak ondo bereizi ahal izateko, eranskinetan dago zaborra gaika birziklatzeko gida: Gaika sailkatzeko gida. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak ere badu sakelakoetarako aplikazio bat: Inguruapp. Hondakinen birziklaketan egon daitezkeen zalantzak argitzen laguntzen du.

Hauexe da hondakinen gaikako banaketa:

Gai organikoa

Janari hondarrak: janari gordinarenak zein prestatu ondorengoarenak. Haragi eta arrain hezurrak, fruta eta barazki azalak, arrautza eta fruitu lehorren azalak, ogi hondarrak, kafe eta infusio hondakinak eta paper eta eskuzapi zikinak.

Papera eta kartoia

Egunkariak, aldizkariak, paperak, sobreak edo antzekoak, kartoizko kaxak eta ontziak.

Kubo indibidualetan edota komunitarioetan aterako da papera eta kartoia, etxebizitza bakoitzeko bizilagunek erabaki bezala.

Plastikozko, metalezko edo brik motako ontzi arinak

Edarien, xaboien edota garbiketarako produktuen ontzi guztiak, bilgarriak, latak, kontserben ontziak eta brikak.

Errefusa

Birziklatu ahal den guztia sailkatu ondoren geratzen den gainerakoa: zigarro eta puru puntak eta hautsontsiko hondarrak; konpresak, tanpoiak eta antzerakoak; preserbatiboak; erratzarekin bildutako zikinak; xurgagailuko poltsa beteak; txikleak eta bestelako litxarreriak; kafe kapsulak; paper zikinak; boligrafoak, errotulagailuak eta antzerakoak; tirak, bendak eta antzekoak; bizarra kentzekoak eta delipatzekoak; platerak, edalontziak eta bonbilak; animalien gorotzak eta beste.

Edukiontzi komunitarioak

Kaleetan edukiontzi komunitarioak daude, ondorengo gaiak biltzeko:

  • Beira.

  • Erabilitako arropa eta oihalak.

  • Pilak eta sakelakoak.

  • Sukaldeko olioa.

  • Pixoihalak (haurrentzat zein adinekoentzat).