Skip to main content

Naturaren kontserbaziorako ekimen zaharragoak

Habitat naturalak berreskuratzea

Habitat naturalak berreskuratzea erronka nagusietako bat da, baina erronka honen aurrean arazo handi batekin aurkitu gara: lur-sailen titulartasuna.

Jakina da Murumendi ingurua balio natural handiko gunea dela, baina urteetan eman den lurraren ustiaketak bertako habitat natural asko ordezkatu ditu. Udalak bertan jarri zuen beraz jomuga: Murumendiko ingurune naturala ekologikoki errestauratzea erabaki zuen.

Orduan, inguru honetako ia lur-sail guztiak pribatuak ziren eta Udalak eskua sartzeko aukera gutxi zuen.Ondorioz, 2009tik gaur arte lur-sailak eskuratzeari ekin diogu, baita lortu ere! Horretarako formula ezberdinak erabili dira, batzuetan erosiz eta beste batzuetan jabeekin kudeaketarako akordioetara iritsiz. Guzti horietan habitat naturalak berreskuratzea bilatzen da: hariztiak, pagadiak, haltzadiak, etab.

Landaketa artifizialak dauden kasuetan, Pinus radiata landaketak esaterako, pinu horiek erretiratzen dira. Ondoren, bertako espezieen landaketak eginez eta eboluzio naturala bermatuz ekosistema konplexu eta aberatsak lortzea bilatzen da; adin ezberdinetako zuhaitzak dituzten basoak, egur hilarekin, landare espezie ezberdinekin eta basa-fauna anitzari baliabideak eskaintzen dizkioten ekosistemak alegia. Guzti honekin gure ondare naturala handitzea eta babestea bilatzen da.

Zure eskumenean lur-sailen bat baduzu eta helburu hau lortzen lagundu nahi bagaituzu helbide honen bitartez gurekin harremanetan jar zaitezke:

itsasondo@udal.gipuzkoa.net

Ortoargazkia Ortoargazkia
Udal jabetzako lur-sailak 2009an Udal-jabetzako lur-sailak 2016ean

Espezie exotiko inbaditzaileen erradikazioa eta ibar-basoen errestaurazioa.

Murumendi inguruko habitat naturalen errestaurazioan lan egitearekin batera, ibai-ertzeko haltzadien errestaurazioan ere lanean ari gara.

Haltzadiak garatu ohi diren lekuetan, herri-gune eta azpiegitura ugari eraiki izan dira historian zehar. Ekintza hauek ibai-ertzeko haltzadiak bortizki suntsitu dituzte eta suntsipen horiek hainbat kalte ekologiko ekarri dituzte. Izan ere asko dira haltzadiari atxikitzen zaizkion onura ekologikoak: korridore ekologiko gisa funtzionatzean dute, ziklo hidrologikoaren erregulatzaileak dira, uholde arriskua txikitzen dute, lurrari eusten diote, etab. Horiengatik eta habitat honek gordetzen dituen fauna zein flora espezie dibertsitate altuagatik, babestu beharreko lehentasunezko habitata kontsideratzen da.

Arlo honetan berebiziko garrantzia dauka flora exotiko inbaditzailearen erradikazioak, landare hauek kontserbazio egoera kaxkarrean aurkitzen diren ibai-ertzak erraztasun handiz kolonizatu eta ordezkatzen baitituzte. Honenbestez, Itsasondoko flora exotikoaren eta ibar-basoen errestaurazioa Udalaren beste erronka nagusietako bat da.

Horretarako landare espezie hauek lokalizatu egiten dira lehenengo, ondoren herbizidaz tratatzen dira, eta azkenik, bertako espezieen landaketak egiten dira landare inbaditzaileen hazkuntza oztopatzeko.

Dena den, landare hauek ez dira herbiziden aplikazio bakarrarekin hiltzen. Hori dela eta urtero errepikatu beharreko lanak dira hauek. Esan dezakegu, lan hauekin hasi ginenetik ale batzuk erabat desagertu direla, beste batzuk ordea desagertu ez diren arren euren dentsitatea nabarmenki jaitsi da Itsasondon.

Argazkia Argazkia Argazkia

 

Herri-guneko biodibertsitate handitzea

ArgazkiaBaina Itsasondoko biodibertsitatea ez dago Murumendin bakarrik, herriko eta herri inguruko elementu seminaturalek ere naturaren zati garrantzitsu bati eusten diote. Fruta-arbolak, baratzak, landare-hesiak, itzaletarako zuhaitzak, parkeak, zelaiak, etab. inguruko faunaren elikagai iturri eta babesleku izan ohi dira.

Asko dira elementu natural hauek erabiltzen dituzten animaliak; hegaztiak, intsektuak, ugaztun txikiak… Hauek indartuz gainera, ez dugu soilik herri-inguruko biodibertsitatean laguntzen, herria berdeagoa eta atseginagoa, bihurtzen dugu eta herritarron bizi kalitatea handitu hein batean. Zeharka bada ere, natura herritarrengana hurbiltzen da, honekiko sentsibilizazioa handituz.

Hainbat dira xede honekin egindako lanak herrian:

  • Zuhaitzen landaketak Beitia parkean (Euskal Herriko 10 espezie ezberdin baino gehiago aurkitu daitezke bertan).
  • Hegaztientzako habi-kutxak ipini dira herrian zehar.
  • Landare-hesi berriak sortu dira.
  • Fruta-arbola eta zuhaixken banaketa herritarren artean.
  • Baratza ekologikoen lehiaketa.
  • Erle-kutxak ipini dira.

Zure herriko biodibertsitatean laguntzeko ideiak badituzu helbide honen bitartez jakinarazi diezagukezu:

itsasondo@udal.gipuzkoa.net

Ingurumen-sentsibilizazioa

Ezinbestekoa kontsideratzen dugu egiten ditugun lan guzti hauek herritarrengana iristea aldi berean parte-hartzea bultzatuz eta inguratzen gaituen ondare naturalaren ezagutza zabalduz, azken finean, ezagutzen duguna maitatzen dugu eta maitatzen duguna zaintzen dugu. Era ezberdinetako ekintzak egin dira azken urteetan: zuhaitz egunak, auzolanak, informazio-panelak mendi-ibilbideetan jarri dira, hitzaldiak, irteerak, ikastaroak, etab.

 

 

Orain arte egindako lanak

Lan handia egin da azken urteetan ingurune naturalaren kontserbazioan eta ingurumen heziketan, baita helburu hauek bilatuz herritarren parte-hartzea sustatzen ere. Hauek izan dira emandako pausoak:

Itsasondoko landa eremuaren hausnarketa azterketa: lehen sektore eta natur baliabideen jasangarritasuneranzko gogoeta (2007ko urria).

GOIMEN Elkarteak gauzaturiko lan honen bitartez Itsasondon lehen sektoreak duen egoerari buruzko datuak bildu ahal izan ziren. Landa eremua herri izaeraren garrantzizko elementu izanik, mantenduko bada jarraitu beharreko estrategia definitu zen.

Ingurune fisikoaren azterketa eta natura edota paisaia ikuspegitik garrantzi berezia duten guneen inbentarioa (2008ko abendua).

Lan honek Itsasondoko ingurumen-kudeaketa errazteko lanabesa izateko xedea izan zuen. Lehen pausoa aurretik zegoen informazio guztia biltzea izan zen eta hemendik abiatuta hutsuneak betetzeari ekin zitzaion. Honela, balio naturalistiko nahiz paisajistikoekin erlazionaturiko informazio anitza eta heterogeneoa lortu zen. Lan honen ondorioz, etorkizuneko kudeaketa eta kontserbazio-neurriak luzatu ziren, zeintzuk hein handi batean ingurumena babesteko lerro estrategiko baten lehen urratsak izan ziren.

Itsasondon landa eremua eta natura uztartuko dituen kontserbazio eta kudeaketarako gogoeta programa (2010eko maiatza).

Aurreko diagnosietatik ateratako datuetatik abiatuta, baso autoktonoa berreskuratzeko, landa eremuaren kontserbazioa bermatzeko eta ibaiertzeko landaredia errestauratzeko zenbait ekintza proposatzen dira Udalaren lursailetan zein jabetza pribatuko eremuetan. Aipatzen diren hauetako ekintza asko jadanik burututa daude.

Itsasondoko udalerriko oinezko herri bideen eta iturrien berreskuratze lanak (2011. urtea).

Itsasondoko Udala bere ondare naturala jendearengana hurbildu eta Udalerriko bideak berreskuratzearren herri bideen eta iturrien berreskuratze lanak aurrera eraman zituen. Ibilbide hauek  Udalerriko ondare natural eta kulturalaren aspektu desberdinak ezagutzeko aukera ematen dute.

Itsasondon ingurune naturalaren eta landa eremuaren kontserbaziorako ekimenak herritarren parte-hartzea bultzatuz. (2008-2016)

Aurreko urteetako azterlanak oinarri bezala izanik ekintzetara pasa gara. Gaur egun, Itsasondoko ondare naturalaren kontserbazioa bilatzen duten lehentasunezko hainbat ekimen gauzatzen dira Itsasondon. Laburbilduz, hauek dira bilatzen diren helburuak:

  • Habitat naturalak berreskuratzea: kudeaketa aktiboa, lur-sailen erosketa eta lurren jabeekin adostasunak bilatuz.
  • Espezie exotiko inbaditzaileen erradikazioa eta ibar-basoen errestaurazioa.
  • Herri-guneko biodibertsitate handitzea eta paisaia ikuspegitik garrantzia duten unitate txikiak hobetzea.
  • Herritarrekin batera ingurumen-sentsibilizazioa lantzea  eta parte-hartzea bultzatzea.