Skip to main content

Jaiak eta ohiturak

HERRIKO JAIAK

Festa nagusiak

Irailean ospatzen dira herriko jai nagusiak. Ostiral arratsaldean hasi eta asteburu osoan, askotariko ekitaldiak antolatzen dira haur, gazte zein helduentzat: kontzertuak, jokoak, puzgarriak, lehiaketak, afariak, dastaketak... Ekitaldien artean garrantzitsuenak edo aipagarrienak honako hauek dira: herri afaria (jaietako lehen gauean egiten da herriko enparantzan), paella lehiaketa, Altzagaratera igoera, kuadrillen arteko txapelketa eta sagardo dastaketa, besteak beste.

Abuztuaren 15a, Andra Mari jaiak

Iraileko jai nagusiez gain, baina, izaten da zer ospatu herrian. Abuztuaren 15ean, esaterako, Ama Birjinaren eguna ospatzen da. Lehen, egun horren bueltan ospatzen ziren herriko jaiak, baina, 2002tik, herriko jaiak irailean egitea erabaki zen. Dena den, oraindik, ospakizun eguna da abuztuaren 15a. Bezperan, afaria egiten da Bizi Nahi jubilatu elkartean. Egunean bertan, meza, hamaiketakoa eta sagardo dastaketa izaten dira, besteak beste.

Urki auzoko jaiak

Maiatzean eta irailean Urki auzoko jaiak egiten dira. Maiatzaren 3an eta irailaren 14an Gurutze Deunaren eguna ospatzen da. Egun horietatik hurbilen egokitzen den asteburuetan, ekitaldiak egiten dira Urkian: hamaiketakoa, bazkariak, afariak... Horrez gain, maiatzean, mus eta toka txapelketa egiten da. Irailean, berriz, herri kirolak.

OHITURAK

Otsaila

  • Ijitu eguna: Inauterien atarian, ijituak edo kaldereroak etortzen dira herrira, zartaginak eskuan, inauteriak badatozela iragartzera. Zartaginak gogor astinduz, bueltatxoa ematen du herrian barna.

Martxoa

  • Emakumeen eguna: Emakumeen Nazioarteko eguna da martxoaren 8a. Egun horren harira, herriko emakumeak afaria egiten dute Arbelaitz elkartean. Elkarteko hainbat bazkide arduratzen dira afaria prestatzeaz eta zerbitzeaz. Urtero, herriko emakumeren bat omentzen da domina batekin.

Ekaina

  • Herri eguna: 2012tik herri eguna ospatzen da. Herritarrak biltzea eta herriko parte aktibo direla sentiaraztea da jai egunaren helburua. Ekintzaz beteriko eguna izaten da. Arratsalde partean frontoi inguruan egiten dira ekitaldiak, eta, gauekoak, Gaztelekuan. Besteak beste, afaria eta kontzertuak egoten dira.
  • San Joan sua: San Joan egunaren bezperan, ekainaren 23an, sua pizten da Errota frontoiaren aurreko enparantzan. Sua piztu aurretik, baina, sardina jana egiten da, garai bateko guraso elkarteko kideek antolatuta. Eta iluntzearekin batera, gaueko hamarrak bueltan, sua pizten da. Elizako kanpandorreko kanpainek hamarrak direla iragartzearekin batera, sorginak agertzen dira enparantzan, zuziak eskutan. Suaren bueltan dantzan aritzen dira.

Urria

  • Itsasondo BTT mendiko txirrindu zeharkaldia: Ijittu Kirol Elkarteak antolatzen du proba. Itsasondotik abiatu, eta Berostegi alderantz joaten dira parte hartzaileak. Burnikurutzetatik, Pagorriaga eta Mundumendi ingurutik buelta eman ostean, herrian amaitzen da zeharkaldia. www.itsasondobtt.com

Abendua

  • Talo festa: herriko talogileek egindako taloak dastatzeko aukera izaten da egun horretan. Frontoian biltzen dira talogileak eta herritarrak, eta ez da jatekoa eta edatekorik falta izaten. Talo festa baino aste batzuk lehenago, talo ikastaroa egiten da. Bizi Nahi jubilatu elkartean ematen da ikastaroa. 2012an hasi ziren ikastaroarekin.
  • Gaztaina jana: Danbolinean erretako gaztainak banatzen dira herritarren artean. Gaztainak biltzera joateko irteera antolatzen du Itturri Txiki Guraso Elkarteak. Haur eta helduak mendi txangoa egiten dute gaztainak biltzeko. Gero, danbolinean erreta jaten dituzte.