Skip to main content

Informazio orokorra

Zer dira?

Gurea ez den beste eremu geografiko batetik etorritako landareak dira. Hauen berezitasuna kopuru handitan, abiada azkarrez eta hainbat belaunalditan zehar ugaltzean datza.

Nola eragiten dute biodibertsitatearen galeran?

Habitat natural eta seminaturalak kolonizatzen dituzte bertako landaredia ordezkatuz. Honek habitat horiek sinplifikatzea dakar, bertako faunarentzako baliabide naturalak murriztuz. Azken finean, ekosistema naturalen kate trofikoa hausten dute, aldi berean biodibertsitatea murriztuz.

Mundu mailan biodibertsitate galeraren bigarren arrazoi nagusia kontsideratzen dira.

Nola iritsi dira guganaino?

Gehienetan gizakiak eragindako arrazoiengatik iristen dira gurera: batzuetan lorezaintzan apaingarri gisa erabiltzeko zuzenean ekartzen dira, edo beste batzuetan, oharkabean nazioarteko merkataritzak erabiltzen dituen garraiobide ezberdinetan iristen dira.

Zeintzuk dira Itsasondoko landare inbaditzaile agresiboenak?

Robinia pseudoacacia (sasiakazia), Reynoutria japonica (japoniako piper-belarra), Cortaderia selloana (panpa-lezka),  Buddleja davidii (budleja), Helianthus x laetiflorus (frantsez patata) eta Ailanthus altissima (ailantoa).

Itsasondon aurkitu daitezkeen beste landare espezie inbaditzaile batzuk:

  • Stenotaphrum secundatum
  • Paspalum spp.
  • Arundo donax
  • Crocosmia x crocosmiiflora

Zer egin dezakegu landare hauen aurka?

Herriko zein etxeko lorategietan landatzea ekidin behar da. Baina zure etxean hauetako landareren bat baduzu:

A. AUKERA: LANDAREA KENTZEA.

Landarearen aireko zatia behin eta berriz moztuz.

Modu honetan landarearen erreserbak agortu eta landarearen heriotza eragiten da.

Landarea indartu eta ugaritu ez dadin maiztasun handiz egin behar dira mozketak. Mozketak landareak hazten jarraitzen duen bitartean errepikatuko dira. Moztutako aleak lehortzen utzi behar dira pila batean jarrita edo poltsetan bildu eta lehortzean zabortegira eraman behar dira.

Kontuz! landarearen zati guztiak ez badira biltzen landarea berriz hedatzeko arriskua dago.

Noiz egingo ditugu mozketak? garairik egokiena landarea hazten hasten denean da. Landare bakoitzarentzat sasoi ezberdina da optimoena (ikusi beheko taula).

Landarea sustraitik aterata

Aleak eskuz atera daitezke sustrai guztiak ateratzen direla ziurtatuz. Ateratako aleak poltsetan gorde lehortu arte eta zabortegira eraman.

Kontuz! landare zati guztiak ez badira biltzen landarea berriz hedatzeko arriskua dago.

Noiz? landareak haziak barreiatu baino lehen.

Metodo hau aleak bakanak eta txikiak direnean erabiltzea gomendatzen da.

B. AUKERA: LANDAREA KONTROLPEAN IZATEA

Lorea soilik moztuta (edo aireko zati osoa moztuz)

Ateratako aleak poltsetan gorde behar dira lehortu arte eta ondoren zabortegira eraman.

Kontuz! landarearen zati guztiak ez badira biltzen landarea berriz hedatzeko arriskua dago.

Noiz? haziak barreiatzen hasi baino lehen.

  Urt. Ots. Mar. Api. Mai. Eka. Uzt. Abu. Ira. Urr. Aza. Abe.
Buddleja davidii     H H H L L L L      
Cortadeira selloana     H H H H H H L L L L
Reynoutria japonica     H H H H L L L      
Helianthus x laetiflorus     H H H H H L L L    
Ailanthus altissima     H H H L L L        
                         
  H Hazkuntza-garaia   L Loraketa-garaia

Informazio gehiagorako