Skip to main content

Eguneko hegazti negutar eta habiagileen dibertsitate patroiak

2019. urteko neguan eta udaberrian zehar Itsasondoko eguneko hegazti negutarren eta hegazti habiagileen ikerketa bat burutu da Naturtzaindia Elkarteko biologoen eskutik. Lan honetarako Itsasondoko muga administratiboaren barnean garatzen diren baso autoktonoetan, zuhaitz landaketetan eta landabazal atlantiarrean agertzen diren hegaztien inbentarioa burutu da, eta hegaztien dibertsitate biologikoa nola dagoen banatuta ere aztertu da aipaturiko hiru habitat nagusietan zehar.
 
Itsasondon hartzen dute osatatu Afrikatik eta Europa iparraldetik datozen txoriak
Neguan agertu diren hegazti batzuk Europa erdialdetik etorritakoak dira. Horietako ordezkari batzuk negu txontak, tarinak edota negu txirtak izan dira. Udaberrian, aldiz, Afrikatik etorri diren espezie transahariar bidaiari nekaezinak izan ditugu Itsasondon. Lepitzulia, sasi txinboa, miru beltza, errekatxindorra, sasi-txori arrunta, euli-txori grisa edota txio iberiarra bezalako espezieak gerturatu dira ugaltzeko helburuarekin, hain ezagunak diren kukua, enara arrunta edota sorbeltz arruntekin batera. Urte guztian zehar bizi diren hegaztien ordezkari batzuk tuntun arrunta, gailupa, garrapoa, erregetxo bekainzuria, buztanluzea edota ur zozoa dira, besteak beste.
 
Okilak jaun eta jabe dira Itsasondoko zuhaiztietan. Okil handia, okil berdea eta okil txikia dira talde funtzional honetako ordezkari arruntenak, azkenak ugaritasun txikiak badu ere. Euskal Herriko Espezie Mehatxatuen Zerrendan dagoen okil beltza ere antzeman da. Guztira, Iberiar Penintsulan topa daitezkeen zazpi okil espezieetatik bost bizi dira Itsasondon.
 
Guztira 64 hegazti espezie inbentariatu dira ikerketa honetan. Honek ez du esan nahi hegazti espezie gehiago ez denik geratu Itsasondoko lurretan bazkatzen edota babesleku bila. Udalerri hau Europako migrazio ibilbide garrantzitsuenetako baten barnean kokatzen da, eta migrazio garaian edota gazteen dispertsio garaian pitxartxar nabar, paparurdin, benarriz nabar, arrano sugezale, saizuri edota zapelatz liztorjalea bezalako espezieak ikusteko aukerak daude, besteak beste.
 
Dibertsitatearen patroiak
Dibertsitatearen banaketari dagokionez, ikusi izan da nola Afrikatik datozen migratzaileek Itsasondoko landazabal atlantiarrak aukeratu diztuzten oroar ugalketarako. Espezie aberastasun handiena habitat mota honetan topatu izan da gainera. Aldiz, egurraren ekoizpenera bideraturiko baso landaketetan topatu dira ugaritasun pobreenak, dibertsitate txikienarekin.
 
Azpimarratu behar da baso-misto autoktono eta landazabal atlantiarren garrantzia hegaztiek burutzen duten funtzionamendu ekologiko egokiari begira. Izan ere habitat hauetan topatu dira funtzionaltasun-sare konplexuenak, klima aldaketak eragin ditzazkeen efektuak leuntzeko guztiz beharrezkoak direnak. Baso autoktonoetan gainera dibertsitatearen fluktuazio txikienak somatu dira, funtzionaltasun-sare egonkorrenak bertan garatzen direla justifikatuz eta ekosistema hauek behar duten kontserbazio beharra azpimarratuz.
 
Ondorio kezkagarriak ere utzi ditu Itsasondon egindako ikerketa honek. Izan ere, duela ez urte askorarte arruntak ziren hegazti espezie batzuk udalerri honetan desagertu  dira. Antzandobi arrunta edota hesi berdantzaren kasuak dira horietako bi adibide.  Murumendi inguruan garatzen diren harroketako habitatean ugaritasun baxua duten hegazti rupikolak ez dira antzeman, hala nola harkaitz txoria, harkaitz-zozo urdina edota belatz handia, esaterako.
 
Kudeaketa gomendioak
Orokorrean, azken urteetan lanzadabaleko eta harkaitzarte inguruetako txorien desagertze tendentzia bat ematen ari dela ohartarazi digute Naturtzaindiatik. Hori dela eta, Itsasondoko ingurumenak klima aldaketaren efektuei aurre egiteko duen gaitasuna indartzeko habitat hobekuntzak burutzea lehentasunezkoa izatea gomendatzen dute.
 
Horretarako, landazabal zein baso-mistoetan ornodunentzat babeslekuen oferta handitzea gomendatzen da sastrakadiak sustatuz, basoetako naturaltasuna eta konplexutasuna areagotuz, biodibertsitatearen kontserbazioarekin bateragarriak diren basogintza eta nekaaritza ereduetaz apostua eginez eta Murumendi inguruan mendizaletasun jasankorra bultzatuz.