Izen arrunta: lilipa txikia (eus), narciso menor (es)
Familia: Liliaceae
Deskribapena: belar bizikorra da. Lurpean hur baten tamaina duen erraboila txikia dauka. Erraboila horrek erreserba-gaiak ditu metatuta eta, horri esker, landarea udazkenean eta neguan sorgorraldian egoten da eta udaberria hasi baino lehen ernetzen da. Lehendabizi bizpahiru hosto jaiotzen dira, meheak eta luzangak, eta teila baten itxurako sekzioa dutenak. Ia aldi berean gara (hostorik gabeko zurtoina) eratzen da. Gutxi gora-behera hostoak bezain luzea da, eta puntan lore bakarra dauka, mintzezko braktea batez babestua. Loreak otsaila eta maiatza artean zabaltzen dira. Loreok hori biziak dira, luzeran 3 (3,5) cm baino txikiagoak eta Narcissus gr. pseudonarcissus-aren miniatura dirudite. Oinean alderantzizko kono baten itxurako hodi bat daukate eta, gainera, ertz krenatua duen koroa zilindrikoa dauka. Tepaloak (itxura eta kolore berdina duten sepalo eta petaloak) 6 dira eta lantzeolatu estuak dira. Lorezilak ere 6 dira, eta harizpiak hodiaren oinean itsatsita dituzte. Obarioa inferoa da, eta apirila eta maiatza bitartean heltzen denean, sagar ñimiñoaren itxura duen kapsula berdexka bilakatzen da, zeharkako sekzio triangeluarra duena. Haziak ugariak, txikiak, beltzak eta lodikoteak dira.
Habitata: oso arrunta da EAEko hego-erdiko mendi eta arroetan, isurialdeen banalerroko mendien eta hegoaldeko mendien artean. Haran atlantikoetan kareharrizko mendi batzuetara mugatzen da gehien bat. 400 eta 1.400 m artean bizi da. Hainbat autorek aipatu dute, askotan N. minor L. izenarekin. Lilipa txiki hauek gandorretako larreetan, zelaiguneetan, pagadien, erkameztien eta hariztien argiguneetan bizi dira, kareharritan eta margetan.
Itsasondoko populazioak: Murumendiko tontorraren inguruko larreetan ikusi izan da.