HERRIA
Herria bi gune nagusitan bereizten da: Oria ibaiaren eta errepide nagusiaren bueltan dago herrigunea, eta mendi aldera dauden lur sailek eta baserri multzoek osatzen dute beste gunea. Mendi aldean, Murumendi inguruan, askotariko ibilbideak egin daitezke eta leku politak bisita daitezke.
Erdigunean, berriz, udaletxea eta Jasokundeko Andra Mariaren parroki eliza dira eraikin garrantzitsuenak. Garai batean, Beheko kale inguruan egon zen udaletxea, egun haurren parkea dagoen lekuan gutxi gorabehera. N-1 errepidea egin behar zutela eta, baina, eraikin hura bota, eta egun dagoen lekura mugitu zuten, 1969an. Berrogei urte geroago, eraikina guztiz berritu dute. 2012ko irailean inauguratu zen udaletxe berria.
Jasokundeko Andra Mariaren parroko elizak ere hainbat aldaketa izan ditu eraiki zutenetik. Berez, Erdi Arokoa da eliza, baina, XVI. mendean egin ziren berrikuntza eta zabaltze lanen ondorio da egun duen itxura. Koru azpian dagoen zatia da elizako zatirik zaharrena. Izan ere, hasiera batean, han zegoen aldare nagusia. Elizako lehen berrikuntzak egin zirenean, baina, egun dagoen lekura mugitu zuten aldarea, eta koru azpiko atzeko ate handia egin zuten. 1600 eta 1750. urte artean egin ziren berritze lan horiek. 1750 eta 1846 urte bitartean, beste hainbat lan egin ziren. Ordukoak dira sakristia eta goiko plazako pilota lekuko aurreko pareta edo frontisa.
Urkia auzoan ere bada beste baseliza bat: Gurutze Santuaren baseliza.
San Joan auzoan, berriz, Letrango San Juan baseliza dago. 1860an berreraiki zen. Trenbideko lanak egitean aurrez zegoen baseliza bota egin baitzuten. Garai batean, ospe handiko ospitalea izan zen. Donejakue bidean egonik, erromes eta ibiltari ugariren sendatzeko lekua izan zen, baita gaixo askorena ere. Baselizaren horman maskor ugari ikus daitezke.
Herrian bertan bada bisitatu beharreko beste gune historiko bat: garai bateko garbilekua. Goiko kalean, Beitiko iturrian dago garai batean arropa garbitzeko erabiltzen zen gunea.
GOIERRI ESKUALDEAN
Aralar eta Aizkorri mendizerra
- Itsasondotik bertatik abiatuta, Murumendi mendira (868 metro) igotzeko aukera dago. Aralar eta Aizkorri-Aratz parke naturalak ere bertatik bertara daude, ordea. Nahi adina txango eta mendi buelta egin daitezke bi parke natural horietan. Informazioa gehiago: www.gipuzkoamendizmendi.net.
Ataun
- Aralar Parke Naturaleko Interpretazio Zentroa: Lizarrustin dago. Parkean egin daitezkeen ibilbideen gaineko nahi adina informazio lor daiteke han. Informazio gehiago: www.lizarrusti.com.
- Barandiaran museoa: Joxemiel Barandiaranen bizitzari eta lanari eskainiriko museoa da. Barandiaran Ataunen jaio zen 1889an, eta bertan hil zen 1991n. Euskal Herriko antropologia eta etnologia ataletan ikerketa lan garrantzitsuak egin zituen, eta baita mitologia arloan ere. Informazio gehiago: www.ataunturismoa.net.
Beasain
- Igartza Monumentu Multzoa: Antzinako hainbat monumentu garrantzitsuk osatzen dute monumentu multzoa: jauregia, dolarea, galtzada, ermita, errota, presa eta burdinola. Igartzako Monumentu Multzoa legez babestuta dago. 2012an, Kultur Ondare izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak. Informazio gehiago: www.igartza.net.
Ezkio-Itsaso
- Igartubeti baserri museoa: XVI. mendeko tolare baserria da Igartubeiti. Euskal baserri bateko bizimodua eta lanak ezagutzeko leku aproposa da. Sagardoa egiteko XVI. mendeko dolarea ere badu, eta martxan jartzen dute maiz. Baserriaren alboan, berriz, interpretazio zentroa dago. Euskal baserria eta bere arkitektura, bizimodua eta biztanleak hobeki ezagutzeko informazio osagarria dago han. Informazio gehiago: www.igartubeitibaserria.net.
Idiazabal
- Idiazabal Gaztaren Interpretazio zentroa: Idiazabal gaztaren nondik norakoen berri ematen da museoan, eta gazta dastatzeko aukera ere eskaintzen da. Idiazabal Gaztaren Interpretazio Zentrotik hurbil, J. Aranburu gaztandegia dago. Gazta egiteko zentro modernoa da. Ardiak jetzi, eta gazta egiteko eta gordetzeko prozesuak ikusteko aukera dago. Informazio gehiago: www.idiazabalturismo.com.
Lazkao
- Iztueta Behi Esnea: Lazkaomendiko Iztueta Azpikoa baserrian nola lan egiten dute, behiak nola hazten dituzten eta Iztueta behi esnea nola ekoizten duten ikusteko aukera dago. Bisita gidatuak eskaintzen dituzte ikastetxeentzako, familientzako zein norbanakoarentzako. Informazio gehiago: www.iztuetaesnea.com.
Ordizia
- Azoka: Asteazkenero-asteazkenero, baserritarrak euren produktuak saltzera joaten dira Ordiziara. Ospe handia du Ordiziako azokak, eta erosleak saltzaileekin harreman zuzena izateko zita garrantzitsua da asteazkenerokoa. 2012an, 500 urte bete zituen azokak. Informazio gehiago: www.ordiziakoazoka.com.
- D'elikatuz Interpretazio Zentroa: Elikaduraren eta gastronomiaren zentroa da D'elikatuz. Dastamenari eta osasunari eskainitako txokoak daude, eta elikadura eta osasunari buruzko nahi beste informazio ematen da. Beheko solairuan, berriz, Goierriko eskualdeko interpretazio zentroa dago. Informazio gehiago: www.delikatuz.com.
Ormaiztegi
- Zumalakarregi museoa: Tomas Zumalakarregi jeneral karlista bizi izan zen baserrian kokatzen da museoa, herriaren erdigunean. XIX. mendeko Euskal Herriko historia gerturatzea du helburu museoak. Garai hartan, gizarte, kultura, ekonomia eta politikari lotutako aldaketa handiak eman ziren. Haiek guztiak ezagutzeko eta egungo gizartea hobeto ulertzeko leku aproposa da. Informazio gehiago: www.zumalakarregimuseoa.net.
Segura
- Ardixarra Etxea, Erdi Aroko Interpretazio Zentroa: Erdi-Aroko hiria da Segura. 1256. urtean Alfontso X.a Gaztelako Erregeak Segurako hiribildua sortzeko agindu zuen, eta halaxe sortu zen Segura. Egun, Erdi Aroko aztarna ugari daude herrian: harresia, etxeak, bideak... Erdi Aroko Interpretazio Zentroa dagoen etxea ere XVI. mendekoa da. Erdi-mailako langile etxea da Ardixarra Etxea, eta orduko familia baten bizimodua nolakoa zen ikus daiteke. Informazio gehiago: www.seguragoierri.net.
Zaldibia
- Ataun eta Zaldibia dira Aralarreko Parke Naturalaren sarbide nagusiak. Hala, herritik abiatuta, Aralarreko zelai eta tontorretara irits daiteke. Beste hamaika ibilbide ere egin daiteke: Osinberderako ibilbidea, esaterako; Amundarain errekaren sorburua ikus daiteke ibilbide horretan. Horrez gain, herrigunetik bi kilometrora, bainua hartzeko leku aproposa dago Arkako deposituen inguruetan. Bertan daude arrantza eskola eta Ibaiaren Interpretazio Zentroa. Informazio gehiago: www.zaldibia.net.
Zegama
- Aizkorri Ataria Interpretazio Zentroa: Aizkorri-Aratz parke naturalaren magalean kokatzen da Zegama, eta, beraz, hara mendi ibilbideak egiteko abiapuntu paregabea da. Aizkorri-Aratzera joateko sarrera nagusietako bat izanik, Zegaman dago parke naturaleko interpretazio zentroetako bat. Herriak Aizkorri-Aratz Parke Naturalarekin antzina-antzinatik izan duen harremana aztertzen eta interpretatzen da interpretazio zentroan. Informazio gehiago: www.zegama.net eta www.zegamaturismoa.net.
- Anduetza Egur museoa: Basoari oso lotuta egon den herria izan da betidanik Zegama. Hala, basoari eta zuhaitzei bere esker ona adierazi nahi izan diote museo honekin. Euskal Herriko nahiz atzerriko zuhaitz eta zuhaixken egurraren ezaugarri eta erabilerak ezagutaraztea da museoaren helburua. Zuhaitzaren oskolak, eraztunak, kolorea, usaina, hostoak, fruituak, erretxina eta gainerakoak nolakoak diren ezagut daitezke. Orotara, 173 zuhaitz motaren enborrak daude ikusgai. Informazio gehiago: www.museomadera.com.
Zerain
- Burdinaren mendia: XI. mendean hasi eta 1951. urtera arte, burdina ustiatu zuten Zeraingo Aizpeako meategietan. Meategietan egiten zen lana ezagutaraztea eta burdinak Zerainen zein Euskal Herrian izan duen garrantziaz eta eraginaz ohartaraztea da Aizpittako Adieraztegiaren egitekoa. Erakusketa eta ikus-entzunezkoen bidez burdingintzaren historia eta prozesua azaltzen da Aizpittako Adieraztegian. Horrez gain, garai bateko kiskalketa labe garaiak, lurrazpiko galeriak, lokomotoraren errailak eta beste ere bisita daitezke.
- Larraondoko zerrategia: Uraren indarrari erabilera ugari eman zaizkio Euskal Herrian. Zeraingo Larraondoko baserrian, esaterako, Zeraingo mendietan jaiotzen den Lasurtegi errekatxoko urez baliatzen ziren zerrategiko lanak egiteko. 1890. urte inguruan eraiki zuten zerrategia, eta martxan izan zuten, 1960. urte ingurura arte. Gaur egun, eraiki zen garaiko ezaugarri eta berezitasunak mantentzen ditu zerrategiak, eta, bisitariak joaten direnean, martxan jartzen dute.
- 1711ko kartzela: Kartzela udaletxearekin batera eraiki zen, 1711. urtean. Gipuzkoan geratzen den XVIII. mendeko kartzela bakarra da. Besteak beste, presoak lotzeko zepo eta girgiluak ikus daitezke kartzelan. Egun, Ostatu tabernaren barruan dago kartzela.
- Herri museoa: Zeraingo bizimoduen eta ohituren bilakaera azaltzea du helburu museoak. Hala, herriaren prozesu historikoa adierazten duten tresna, altzari, lanabes, dokumentu eta abar biltzen ditu museoko bildumak. Informazio gehiago: www.zerain.com.
Goierri eskualdean ikusi eta egin daitezkeen txango eta proposamenen inguruko informazio zabala Goitur-en webgunean dago: www.goierriturismo.com.
Goierriko nahiz Gipuzkoa osoko museoen gaineko informazioa ikusteko, berriz, begiratu webgune hau: www.gipuzkoamuseoak.net.
Goierriko Turismoa
Goierriko eskualdeko turismo zerbitzuaren webgunea