Izen arrunta: zata arrunta (eus), chotacabras europeo, chotacabras gris (es)
Familia: Caprimulgidae
Deskribapena: tamaina txikiko hegaztia da, 25 cm ingurukoa. Burua nabarmena da, mokoa motza eta ahoa oso zabala baititu. Hegoak eta buztana luzeak dira. Goialdea nabar grisa, okrea eta beltzez zipriztindua da. Hegoak arre ilunak dira, eta orban gaztain eta grisak ditu. Buztana nabarra da, eta orbanak ditu. Behealdea okrea, horixka da, eta zeharkako ildaska ilunak ditu. Zintzurraren alboetan orban argiak ditu. Mokoa beltza eta hankak nabarrak dira.
Gauean eta egunsentian aritzen da, eta egunez hartzen du atseden. Hegaldia isila, gozoa eta alderraia da, eta txiri ugari egiten ditu. Bakartia da, baina migrazio-garaian talde txikiak osatzen ditu.
Habia lurrean egiten du, zokogune txiki batean. Bertan estali gabeko habia motza egiten du. Urtean bi aldiz bi arrautza errun ohi ditu.
Batez ere, airean harrapatzen dituen intsektuez elikatzen da. Batzuetan, harrapakinak lurrean ere harrapatzen ditu.
Habitata: EAEn txoko guztietan aurki daiteke, baina baso handi trinkoetan ez da bikoterik aurkitu. Nahiago ditu landare txikiz eratutako landarediak, besteak beste, txilardiak, iralekuak, larreak eta bazkalekuak. Landazabaletan eta hostozabalen eta koniferoen basoen soilguneetan ere ageri da. Herrietan ere aurkitu izan da.
Itsasondoko populazioak eta mehatxuak: zataren presentzia eskasa da Itsasondon, plagiziden erabilera okerrak eta errepideko zapalkuntzek negatiboki eragin izan dute espezie honengan.