Skip to main content

Strix aluco

 

Izen arrunta: urubi arrunta (eus), cárabo común (es)

Familia: Strigidae

Deskribapena: 37-43 cm-tako luzera du. Bi sexuak berdinak dira. Hegazti gautarra da, tamaina ertainekoa eta oso trinkoa; buru handia du, hego biribilduak eta buztan labur eta barraduna. Lumaje oso dentsoa eta leuna du, hegan egiten duenean zaratarik ez ateratzeko.

Lumajearen oinarrizko kolorean bi fase bereizten dira (grisa eta gorrixka). Goialdea pikartatua du, marra fin eta ilunekin. Behealdea argia, lerro bertikal ilunekin. Begiaren irisa beltza eta aurpegiko diskoak handiak eta lisoak ditu. Begien artean X bat du. Hegoen goiko aldean, kolore zuriko lerroak ditu sorbalda-lumetan.

Habitata: edozein basotan aurki daiteke, hostoerorkorreko nahiz hostoiraunkorreko basoetan, landazabaletan edo paduretan, hirietako parkeetan… itsas mailatik EAEko gailur altuenetaraino. Habia, bihitegi, ganbara, kanpandegi, haitz, bestelako hegaztien edo urtxintxen habietan edota lurrean egiten du. Nonahiko espeziea da, eta zuhaitz kopuru minimoa duen edozein ekosistematan agertzen da.

Itsasondoko populazioak eta mehatxuak: urubia arrunta da Itsasondon. Arrisku aipagarriena habiak jartzeko zuhaitz zahar eta harkaiztien eskasia izango litzateke. Pinu landaketa gazteetan ez dira finkatzen eta baso zaharren eskasia arazoa izan daiteke espezie honen kontserbaziorako.