Skip to main content

Corvus corax

 

Izen arrunta: erroia (eus), cuervo común (es)

Familia: Corvidae

Deskribapena: 60 cm-tik gorako korbido handia da. Itxura sendoa du, guztiz beltza da eta zenbait isla eta irisazio ditu. Punta meharrak dituzten hegoak ditu eta falka itxurako buztana. Mokoa gogorra eta lodia da. Hankak beltzak dira.

Hegaldi sendo eta zuzena dauka, eta maiz pausatu eta lurrean ibiltzen da. Planeatu eta hegaldi akrobatikoak egiten ditu, batez ere araldian.

Bakartia da, baina talde txikiak era ditzake.

Amildegietan eta harrobi hutsetan egiten du habia, eta inoiz ere zuhaitzetan. Habia adarrez egina eta barrutik tapizatua da. Urtean behin 4-6 arrautza errun ohi ditu.

Orojalea da eta era guztietako artropodoak, moluskuak, ornodun txikiak, landareak, haratustela eta hondakinak jaten ditu.

Habitata: hainbat paisaia motatan bizi den espeziea da. EAEn banaketa-hedadura zabala du eta itsasertzeko eremuetatik mendilerro altuenetaraino aurki daiteke. Haran atlantiarretan ere ager daitekeen arren, askoz ere ugariagoa da mendi-hegaletan eta giza populazio eskaseko mendilerroetako gailurretan. Ganadu estentsibo ugariko abereak, ardiak batik bat, dituzten larre-otalurrak eta 600 m-tik gorako haitzarteak dituzten eremuak ditu nahiago. Zabortegietatik hurbil dauden mendietan ere ugaria da. Itsasertzeko hainbat eremu labartsu lasaietan ere ugaria da. Hainbat bikotek konifero-landaketetan kumatzen dute, eta horiek sastrakadiak, larreak eta zabortegiak ustiatzen dituzte.

Itsasondoko populazioak: ezezaguna da populazioen kontserbazio egoera, eta bikote edota ale kopurua. Hala ere, Murumendiko harkaiztietan kumatzen du belatz handiak kumatzen ez duen urteetan. Bi espezieek kumaketarako habitat oso antzekoak behar dituztenez eta Murumendiko paretetan lekua mugatua denez, bien arteko konpetentzia nabaria da (inguruko basozainen behaketen arabera).