Skip to main content

Falco peregrinus

 

Izen arrunta: belatz handia (eus), halcón peregrino (es)

Familia: Falconidae

Deskribapena: harrapari ertaina da, metro erdikoa izatera irits daitekeena. Tamainari dagokionez, sexu-dimorfismoa dauka, emea arra baino askoz handiagoa baita. Buru iluna eta bibote zabala dauzka. Bizkarraldea gris urdinxka da. Tantoak dituen eztarri zuria dauka. Sabelaldea argia da, eta zerrenda ilunak ditu. Isatsa gris urdinxka eta marratua da. Moko beltza eta hanka horiak ditu. Emeak arrak baino ilunagoak izan ohi dira.

Hegaldi bizkorra duenez, airean atzematen ditu harrapakinak. Nahiko altuera handian ere planeatzen du. Pausalekuak erabiltzen ditu. Harrapakina atzeman ostean, airean beti, leku jakin batera eramaten du zatikatzeko.

Egiten duen habia zulo txiki bat baino ez da. Urtean behin hiruzpalau arrautza errun ohi ditu.

Hegaztiak jaten ditu gehien bat. Hiri-inguruetan bizi diren belatzen elikagai nagusia usoak dira.

Habitata: EAEn itsas mailatik barne aldeko 1.100 metroko haitzetaraino egiten du habia. Isurialde atlantiarrari dagokionez, itsaslabarretan da arrunta, baina arrarotu egiten da barne aldean, ugaltokien urritzea dela eta. Araban lurralde osoan zehar banatzen da; haitz gutxi dituzten edota haitzik gabekoak diren guneetan bakarrik falta da. Batez ere errupikola den espezie honek barne aldeko haitzetan eta itsaslabarretan, giza eragozpen ugaririk gabeko lekuetan, sortzen du habia. Utzitako eraikinak ere erabiltzen ditu, dorreak eta gazteluak esaterako, eta banaketa eremuaren iparraldean lurrean eta zuhaitzetan ere sortu ohi du habia. Ehizarako eremu zabalak behar ditu, estepak, zereal-soroak, hezeguneak edo kostak, adibidez.

Itsasondoko populazioak eta mehatxuak: 2008. urteko laginketetan entzumenez eta begi bistaz konfirmatu ahal izan zen bere presentzia Murumendiko tontorraren inguruko harkaiztietan. Hala ere, bikote kopurua edota kumaldien tamaina jakin beharko genuke espeziearen benetako egoeraren ezagutzeko. Badirudi erroiarekin (Corvus corax) lehiatzen duela kumatzeko garaian Murumendiko paretetan.