Skip to main content

Saguzarren lehenengo katalogoa eta kiropteroen koloniak jaso ditzazketen interesezko elementuen errebisioa

Euskal Autonomia Erkidegoan 25 saguzar espezie inguru bizi badira ere, oso ezezaguna da ugaztun hauek duten banaketa Foru lurralde bakoitzean. Saguzarrek ekosistemen oreka mantentzeko paper garrantzitsua jokatzen dute izurrite eta gaixotasunen kontrola burutuz. Funtzio hauen ondorioz, gizakiok jasotzen ditugun ekosistemen zerbitzuak oso garrantzitsuak dira. Hortaz kiropteroen kontserbazio egoera ezagutzea eta bizidun hauek mehatxatu ditzaketen kanpo eragileak detektatatu eta neurri zuzentzaileak proposatzea ezinbestekoa da. Gipuzkoako Foru lurraldean eginkizun horretan diardu Naturtzaindia Elkarteak.

 
Kiropteroen kontserbazio egoera hobetze aldera, berebizikoa da bizidun hauek ugaltzeko, elikatzeko eta hibernatzeko erabiltzen dituzten babeslekuak zein gainontzeko baliabideak ezagutzea eta bertaratzen diren espezie komunitateen deskribapena burutzea.

 
2016 eta 2017 urteetan zehar Naturtzaindia Elkarteko biologoek Itsasondoko saguzarren katalogoa burutu dute, eta kiropteroen koloniak jasotzeko gaitasuna duten babeslekuak errebisatu dituzte, udalerri honetan bizi diren saguzar dibertsitatearen ezagumendu-maila emendatuz eta euren kontserbazio egoera nolakoa den ezagutuz.
 
Aztertu diren habitaten artean baso autoktonoak, Oria ibaia, landazabal atlantiarrak eta pizarraren aprobetxamendurako mehategi-zuloak izan dira, behaketa zuzenak burutuz eta ultrasoinu detektagailuen bidez saguzarrek igortzen dituzten ekolokalizazio deiak grabatuz. Gainera, babesleku gutxi dauden zuhaiztietan kabi-kutxak kokatu dira eta hauen erabilpena monitorizatu da.
 
Guztira 11 saguzar espezie antzeman dira Itsasondoko habitat ezberdinetan zehar, guztiak EAE-ko Espezie Mehatxatuen Zerrendan jasota izanik. Horretaz gain, kabi-kutxen instalakuntzak eta erabiltzeari utzitako eraikin artifizialek garrantzi handia dutela ondorioztatu da kiropteroen babesleku oferta emendatzeko eta kontserbazio egoera hobetzeko. Era berean basoen naturaltasun eta konplexutasun maila emendatzeak saguzarren populazioak indartzera ekarriko du, bizidun hauek eskeintzen dizkiguten ekosistemen zerbitzuak indartuz aldi berean.
 
Jarraian irudikatzen den taulan Itsasondon erregistratu diren saguzarrak agertzen dira. Horretaz gain, maila Autonomikoan eta Europa mailan espezie hauei ezarri zaien babes-mailak ere aipatzen dira. Euskal Herriko Espezie Mehatxatuen Zerrenda: IB, Interes Berezikoa; KAL, Kaltebera. 43/92/CEE Habitat Aztertaraua: II, Habitat Aztertarauaren II. Anexoan aurkitzen diren espezieak eta hauen kontserbaziorako egokiak diren Kontserbazio Bereziko Eremuak sortzeko beharra dutenak; IV, Habitat Aztertarauaren IV. Anexoan aurkitzen diren espezieak eta hauen kontserbaziorako babes ertsia behar dutenak. 
 
 
Saguzarren zerrenda