Izen arrunta: hontza zuria (eus), lechuza común (es)
Familia: Tytonidae
Deskribapena: 33-39 cm-tako luzera du. Bi sexuek antzeko itxura dute. Gaueko harrapari ez oso handia da, lerdena, hanka luzeak eta buru handia. Aurpegiko diskoak kolore argia eta bihotz forma du; moko argia eta begi beltzak. Hegan doala, lepo luzea eta buztan laburra erakusten ditu. Goiko aldea urre kolorekoa eta grisaxka, orban zuriekin. Alba alba azpiespezieak bularra eta sabelaldea zuriak ditu, eta alba guttatak urre kolorekoak. Tartsoak lumaz estaliak. Hegaldi arin eta isila. Orekan dagoenean hankak zintzilik edukitzen ditu sarri.
Habitata: arrunta da eremu zabal, soro, landazabal, larre eta abarretan, non askatasun handiz mugitzen den. Espezie antropofiloa da eta habiak giza eraikinetan egin nahi izaten ditu baldin eta lasaitasuna badu. Harrobi, haitz, koba, itsasertzeko labar eta zuhaitz-zuloetan ere aurki daiteke. Basoetan urriagoa izan arren, larre eta txilardiak tartekatzen dituzten basoetan aurki daiteke.
Itsasondoko populazioak: hontza zuriaren presentzia ertaina da Itsasondon. Penintsula mailan errepideetan kotxeek harrapatuta hiltzen dira askotan. Gurean, hirigintzak eragindako habitaten eraldaketak eta eraikin zaharren botatzeak negatiboki eragin diezaiokete.