Izen arrunta: mirotz-zuria (eus), aguilucho pálido (es)
Familia: Accipitridae
Deskribapena: metro erdirainoko harrapari ertaina da. Sexu-dimorfismoa dauka. Arra errauts-grisa da eta sabelaldea argia dauka. Hegoek muturraren gainaldea beltza dute; moko beltza eta hanka horiak ditu. Emearen gainaldea arre iluna da, marratua behealdea, eta buztana arrea da eta zerrenda ilunak ditu. Buztana luzea da bi sexuetan.
Zorutik distantzia txikira egiten du hegan, hegoak astinduz edo planeatuz, hegoak gorantz okertuta, «V» forman, irekita dituela. Harrapakinen gainera trebeki jausten da. Bakartia da, baina migrazioetarako bandoetan biltzen da. Nahiko maiz lurreratzen da.
Lurzoruan egiten du habia, landareen artean, belar eta adarrez baliatuz. Errute bakarra izaten dute urtean zehar, lau edo bost arrautzetakoa.
Tamaina txikiko ugaztunak, lurreko hegaztiak, narrastiak, anfibioak eta zenbait artropodo jaten ditu.
Habitata: EAEn ametz degradatuetan, txilardi eta otadietan ugaltzen da batik bat. Isurialde mediterraniarrean soroetan ere aurki daiteke, zereal-laboreetan batez ere; isurialde atlantiarrean, berriz, konifero gaztez osatutako basoetan eta, neurri apalago batean, eukalipto basoetan egiten du habia. Landare baxuz, (txilardiak, otadiak, birpopulaketa gazteak, dunak, hezegune-ertzak eta abar) estalitako lursail zabaletan egiten du habia.
Itsasondoko populazioak eta mehatxuak: Murumendiko tontorraren inguruko otadietan egoten da. Plagizidak eragin kaltegarria izan dezake espezie honengan.