Izen arrunta: erratza (eus), rusco (es)
Familia: Liliaceae
Deskribapena: mulu betiberdea da, altueran 1 m edo gehiago hazi daiteke. Zurtoin zurrunak ditu, berde ilunak, goialdean adartsuak eta guztiz ilegabeak. Kladodioak (hostoen antza duten zurtoinaren zabalkadurak), punta arantzadun batean estutuak daude. Loreak 1-2naka agertzen dira, 4-5 ataleko periantoarekin; arrak 3 estanbredunak eta emeak 1 (3) barrunbeko pistilodunak. Baiak kolore gorri bizikoak dira. Martxotik maiatzera loratzen da; fruituak udazken eta neguan heltzen dira.
Habitata: artadiak, karraskalak edo hariztiak bezalako baso anitzetan bizi da, eta batzuetan baita sastrakadietan ere.
Itsasondoko populazioak: espezie honen hainbat populazio aurkitu dira haltzadi, pagadi, baso misto, kareharrizko arrailetako baso misto, baso gazte, alertze landaketetan eta haritz amerikarren landaketetan. Itsasondon egoera onean aurkitzen dela esan daiteke, 22 hektareatan barreiaturik aurkitu da eta litekeena da leku gehiagotan aurkitzea. Dena den, baso hauetan eman daitezkeen ustiapen edota garbiketa-lanek espezie honentzako arriskua suposatzen dute.