Gipuzkoako Goierrin, Murumendi mendiaren oinetan zutitzen den herria dugu Itsasondo. Bi zatitan bereizitako hirigunea du: bata N-1 errepide zaharraren ondoan, Oria ibaiaren barrenean eta bestea Murumendi mendiaren hegalean mailakaturik sakabanatuta.
Ondoko herri hauek ditu mugakide: iparraldean Bidania eta Beizama, ekialdean Legorreta eta Altzaga, hegoaldean Arama eta Ordizia eta mendebaldean Beasain.
Itsasondoren azalera 8,9 kilometro karratutakoa da, berau 160 metrotako altueran kokatuta dagoelarik. Bere lurzoruaren ezaugarri nagusia arbelez osatutako lur eremu zabalen jabe dela da, zenbait garaietan beraien ustiakuntzak garrantzi handia izan duelarik herriaren garapenean.
Itsasondon, bost ibilbide prestatu ditugu gure herriaren inguruan paseo politak eta lasaiak eman ahal izateko. Lekurik erakargarrienak nabarmendu ditugu, hainbat arrazoiren arabera: etnografikoa, kulturala, naturala edo bertatik ikus dezakegun panoramikagatik. Ibilbideetan zehar hainbat geldiunetxoak egitera gonbidatzen zaituztegu, eta aldi berean, zuen gustuko interesgune berriak aurkitzera.