Izen arrunta: gabiraia (eus), gavilán común (es)
Familia: Accipitridae
Deskribapena: 40 cm-rainoko harrapari ertaina da. Itxura arina eta mehea dauka, batez ere astinaldi azkarreko hegaldietan. Sexu-dimorfismo nabarmena dauka, emea arra baino askoz handiagoa baita. Azken honek bizkarralde gris urdinxka du, eta behealdea herdoil-gorria da eta banda edo erreskada meharrak ditu. Hegoak behealdean marratuak dira eta ilunak gainaldean. Emearen bizkarraldea gris arrexka da eta behealdean tonu gorrixkak falta ditu. Moko eta hanka horiak ditu.
Hegaldi abila dauka, baxua gehienetan, bere ingurunean, hots, baso, sastrakadi eta zuhaixka-inguruetan erraz mugitzen laguntzen diona. Bakartia eta iheskorra da. Zuhaitzetan egiten du habia, enborretik hurbil. Urtean behin 4-5 arrautza errun ohi ditu.
Batez ere airean harrapatutako hegazti txikiz elikatzen da, eta noizean behin, artropodo eta ugaztunak ere jaten ditu.
Habitata: altitude guztietako basoetan aurki daiteke. Ugaltzeko, nahiago ditu ongi garatutako basoak; ehizarako, berriz, basoetako soilguneak, soroen arteko hesiak, lorategiak edo harrapakinak ustekabean harrapatzeko landaredia egokia dagoen eremuak erabiltzen ditu. Baso-berriak ere erabiltzen ditu, eukalipto basoak barne,. Txori txikiek osatzen dute bere elikadura nagusiki, zozoak izaten dira tamaina handieneko harrapakin arruntenak.
Mehatxuak: aztoreen kasuan bezala, gabiraia ere basotarra da eta habitat galera da bere arriskurik handiena.