Izen arrunta: okil handia (eus), pico picapinos (es)
Familia: Picidae
Deskribapena: 23-26 cm-tako luzera du. Goiko aldea beltza du buztaneraino eta horren muturrean marra zuri-beltzak ditu. Hegoak beltzak, orban obalatu zuri banarekin eta tanta zuri txikiekin. Eztarria, sabela eta bularraldea zuriak. Uzki aldea kolore gorri-gorrikoa eta ongi mugatua. Buruan alboko marra beltz bat du, mokotik garondoraino iristen dena. Arrak pileo beltza du, gorria atzealdean. Emearen pileoa guztiz beltza da eta mantuarekin bat egiten du.
Gazteek pileoa guztiz gorria dute, ertz beltzekin,eta orban obal zuriak arinki marratuak ditu,eta uzki aldea gorri argi kolorekoa.
Habitata: basokoa den espezie honek nahiko garatutako zuhaiztiak behar ditu habia egiteko. EAEn baso mota guztietan, ongi kontserbatutako ibar-basoetan barne; hala, horietan babesten da eskualde deforestatuenetan. Dentsitate handienak Araba mendebaldeko ler gorriko basoetan nahiz harizti eta ameztietan aurkitzen dira; artadietan, berriz, gehienak gazteak izaki, ez da hain ohikoa. Konifero landaketek (Pinus radiata nagusiki EAEn) ere har dezakete espezie hau, heldutasun-maila batera helduz gero; kasu horretan inguruko baso naturalek baino dentsitate handiagoak eduki ditzakete. Penintsulan, orokorrean, baso mota guztietan agertzen da; dena den, izenari ohore eginaz pinudiak izaten ditu nahiago itxura denez.
Itsasondoko populazioak eta mehatxuak: okil handia arrunta da Itsasondon, nahiz eta deforestazioa beti presente dagoen mehatxua izan.