Kokapena eta klima
Klima orokorrak zuzeneko lotura du lurraldearen kokapen geografikoarekin, eta mundu mailako aldagaien arabera aldatzen da, hala nola, atmosferako zirkulazioa, eguzki-irradiazioaren tasa edo ozeanoetaraino dagoen distantzia.
Itsasondo Kantauri isurialdean, Oriako arroan kokatzen da. Kokapen honi klima ozeaniko epela dagokio, hau dela eta prezipitazioak urte osoan zehar banatzen dira eta uda garaian ez dago lehorterik. Itsasondotik gertu dauden Aralar eta Aizkorriko mendilerroek klima mediterraniarrarekiko banaketa lerroa osatzen dute, iparraldetik datorren itsasoaren eragina areagotuz. Itsasoaren eragin honek urte osoko tenperaturak nahiko samurrak izatea ondorioztatzen du.
Udalerriko puntu altuena eta baxuenaren artean 800 metroko aldea dago. Altitude honek tenperatura eta prezipitazioen aldakortasuna dakar, hau dela eta bi estai ezberdintzen dira Itsasondon. Estai muinotarra (500 m> gutxi gora-behera) eta estai menditarra (500-1700 m artean gutxi gora behera). Lehenengoak haritzaren eremuari dagokio eta bigarrenak pagadiari.
Geologia
Udalerriko erdi eta hegoaldean tuparri (edo marga) gris ilunak eskistoekin nagusitzen dira, hauek izaera azidoa ematen diote lurzoruari, bertan hazten den landaredia baldintzatuz. Iparraldean kareharriak eta tuparri hareatsuak azaltzen dira, eta hemen ere landaredia azidofiloa garatzen da. Beste eremu batzuetan kareharri urgonianoak, limolita kareatsu mikatsuak eta kalkarenita bioklastikoak agertzen dira. Hauetan sortzen den lurzorua basikoagoa da eta honek beste landaredia mota bat garatzea ahalbidetzen du.
Landaredia potentziala
Landaredi-mapa potentzialak Itsasondon giza-eraginik gabe egongo litzatekeen landaredia adierazten du. Irisgarritasun gutxieneko eremuak izan ezik (harkaiztetako pareta bertikalak kasu), udalerriko egungo landaredia mendeetan zeharreko giza-kudeaketaren isla da. Kudeaketa hau medio, orokorrean formazio naturalen kontserbazio-egoera kaltetua izan da, bereziki estai muinotarrean. Estai menditarreko zenbait tokitan, basoen ustiaketaren gutxitzea dela eta, basoen jarraierako lehen faseak ikus daitezke (sastrakak, arantzadiak eta baso gazteak).
Gaur egungo erabilera-mapa
Itsasondoko egungo paisaia historian zehar eman den lurraren erabileraren isla da beraz eta potentzialki izan beharko lukeenaren ezberdina. Itsasondoko Udalerria irudian ezberdindu daitezkeen 8 erabilera unitate ezberdinetan antolatzen da.